Ekhi izeneko txanpona sortu dute, Bizkaiko negozio txikietan erabili eta ekonomia solidarioagoa izan dadin.
Desazkundea mugimenduaren barnetik sortutako ekimena da Bizkairako diru lokala. Finantziazio eta frogetako faseak gainditzen dituztenean, 2014aren hasieran, geure inguruko dendetan ikusi ahal izango da Ekhi txanpona. Bultzatzaileen arabera, Ekhiak euroen ordez erabilita, bidezko gizarte baten aldeko pausuak egingo dira, kontsumo arduratsua bultzatuko da eta tokian tokiko negozioen sarea indartuko da. Batik bat, Bilboko Zazpi Kaleetako merkatari batzuek egin dute bat proiektuarekin baina, helburua da, Bizkaia osora hedatzen joatea.
“Ekonomia eraldatu eta sisteman baloreak sartzea da asmoa”, azaldu digu Esther Jimenezek, Ekhi txanponaren bultzatzaileetako batek. Izan ere, Ekhi txanponak badauzka ezaugarri batzuk, espekulazioan oinarritzen den gaur eguneko ekonomiak ez dauzkana. Euroak nahi beste pilatu daitezke eta, horrek, finantza merkatua puztu eta ekonomia erreala, egunerokoa, likidezia barik uzten du. Ekhi txanpona, ordea, ezin da metatu, billete bakoitzak iraungitze-data baitauka. Era berean, multinazionalak eta haien frankiziak sistematik kanpo geratuko dira, denda eta zerbitzu txikien mesedetan. “Ekhi txanpona erabili nahi duten negozioek balore batzuekin bat egin beharko dute”, zehaztu digu Jimenezek, “kultura eta hizkuntza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, ekologia eta gizarte justizia dira oinarria”. Hala, Ekhi txanponak ez dio inori etekin ekonomikorik emango, baina zeharka, balore horiek bultzatzen dituzten proiektuak eta kanpainak bultzatuko dira. Gainera, Ekhi txanpona hedatu ahala, tokian tokiko ekonomiak mesede handia jasoko du, “epe ertain edo luzerako onurak dira”.
Ekhi txanponaren funtzionamendua erraza da. Ekhi batek euro batek adina balio du eta proiektuarekin bat egin duen edozein negoziotan erabil daiteke. Dendariek, era berean, kontsumitzaileekin erabil dezakete Ekhia, baina baita langileei zein hornitzaileei ordaintzeko ere, haiek hala eskatuz gero. Ekhi moneta, 1, 2, 5, 10 eta 20ko billeteetan erabili ahal izango da. Billete bakoitzak iraungitze data bat izango du, hiru hilabete ingurukoa eta, beraz, epe horretan gastatu beharko da. Era berean, euroak eta ekhiak trukatzen diren bakoitzean, euro bakoitzeko hiru zentimo proiektuaren baloreak sustatzera bideratuko dira. Iraungitzear den billete baten balioa luzatzeko kobratuko den apurra ere, kultura, feminismoa, ekologia eta justizia soziala bultzatzeko erabiliko da.
“Sistema honekin, ekonomia erreal, lokal eta etikoa sortzen dugu”, esan digu Esther Jimenezek. Gaur egun, dirurik gehiena finantza sektorean pilatzen da, herritarrek ikusi ere ez dute egiten mugitzen den diruaren zatirik handiena. Ekhi bezalako moneta lokalekin, aldiz, diru guztia eskutik eskura dabil etengabe, ezin baita pilatu eta, gainera, tokian tokiko negozioen saretik ez delako irteten. Jimenezek adierazi digunez, “auzo eta herrietako dendetan erostea eragiten du txanpon lokalak, hortaz, auzoko bizitza eta komertzio txikia biziberritzen da”.
Orain arte, 20 negozio baino gehiagotan erabaki dute Ekhi txanponaren aldeko apustua egitea. Gehienak Bilboko Zazpi Kaleetan daude, baina Basaurin ere badago baten bat. Asmoa, dena dela, Bizkaia osoan hedatzea da, herrialde osorako egitasmoa baita, “pixkanaka, sarea hedatzeko ahaleginean ari gara”, dio Jimenezek, “gainera, dendak bakarrik ez, era askotako negozioak sartu nahi ditugu, adibidez, arkitektura estudio bat batu zaigu”. Artekaleko Sania produktu ekologikoen dendak Ekhi txanponaren proiektuarekin bat egitea erabaki du. Bertako jabe Ibrahimek BERTONi azaldu dionez, “gauza berria da, baina beste leku batzuetan funtzionatu du; Ekhi txanpona erabiltzea erabaki dut, auzoari on egingo diolako”. Ekhiren billeteak ezin direnez luzaroan gorde, jendea dendetan erostera bultzatuko duelakoan dago Ibrahim, “dirua hemen geratuko da, hori ona da auzoko denda txikiontzat”. Gainera, inguruko beste denda batzuek ere Ekhirekin bat egin dutenez gero, auzoko girorako eta merkatarientzat ona izango dela uste du Sania dendako jabeak.
FINANTZIAZIOAREN BILA
Ekhi txanponaren proiektua orain dela bi urte inguru hasi zen martxan, Desazkundea mugimenduaren barruan eta, 2013ko maiatzetik, elkarte independentea da. “Hasierako pausua, beste espererientzia batzuk ezagutzea izan zen”, dio Esther Jimenezek, izan ere, beste leku batzuetan urteak daramatzate txanpon lokalak erabiltzen. Behin Bizkaiko egitasmoaren nondik norakoak definituta, proiektua martxan jartzeko ordua heldu da. Hasteko, izena aukeratu dute: “Ekhiren alde egin genuen, ekilorea gogora ekartzen duelako, izpiritu txarrak uxatzeko etxeko atarian jartzen dena; ekonomiaren alde txarrak uxatu eta haize berriak ekartzeko asmoa dugunez, izen aproposa iruditu zitzaigun”. Gizarte talde askorekin batzarrak antolatu dituzte, egitasmo berriaren bidelagun izan daitezen. Dozena bat lagun ari dira proiektuan buru belarri lanean, baita kolaboratzaile sare zabal bat ere.
Txanpona martxan jartzeko finantziazio fasean murgilduta daude orain, “honekin ez dugu dirurik irabazten, baina Ekhi abiarazteko inbertsio bat egin behar da, adibidez billeteak inprimatzeko”. Billeteek segurtasun neurri ugari izango dituzte, iruzurrak saihesteko, eta hori ez da merkea. Crowdfunding delako sistemaren bidez, nahi duten pertsona guztiek lagundu diezaiokete Ekhi txanponari, “fase honetan, gure ideia gizarteratzen ari gara eta finantziazio kolektiboa bilatzen ari gara”. Hortaz, proiektuarekin bat egingo duen jendearen bila ari dira: Ekhiren bazkide egingo direnak, diru aportazioa egingo dutenak zein euren negozioa Ekhiren sarean sartuko dutenak. Abenduaren amaierarako, guztia prest izan nahi dute, frogetarako fase labur bat martxan jartzeko. Ondoren, ondo bidean, 2014ko urtarrilean edo otsailean, Ekhi erabiltzaileen eskuetara iritsiko da. Orduan, ekonomia ulertzeko modu berria eskura izango dute bizkaitarrek, balore etikoei eta tokian tokiko ekonomiari gehiago begiratzen diona.