Arantza Yurre, antzerkilaria: “Antzerkia gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen dugu”

bertonaldizkaria 2014ko ots. 4a, 10:49

Deustun jaioa, 11 urterekin Getxora bizitzera joan zen. Kazetaritza ikasi zuen, eta ETBn lan egin zuen ikasketak amaitu bezain pronto Doctor Livingston, supongo programan. Teatroaren munduan sartu zen garai horretan eta teatroak harrapatu zuen. Kazetaritzari zentzua galdu eta aktore bihurtu zen, Antzerkiaren historiako irakasle, eta gerora, konpainia propioa sortu zuen lagunartean, gaur egun dagoen lekura heldu arte: Aullidos de Otxar antzerki komunitarioko zuzendari da Otxarkoagan.

Non ezagutu zenuen antzerki komunitarioa?

Gure teatro konpainiarekin Argentinara egin genuen bira batean, baina berez, aurretik entzun nuen bere berri hitzaldi batean, Cádizen. Bertan urtero burutzen den dramaturgoentzako kongresu batean. Ponentzia hori Argentinatik etorritako ama-alaba bikote batek eman zuen, eta hain bereganatu zuen nere arreta Argentinara zuzenean ezagutzera joan nintzela, zer zen eta zelan egiten zen ikustera.

Hegoameriketatik ibilia zara.

Horrek aldatu dit artearen inguruan neukan iritzia, zer den gizartearentzako artea. Hemen artea aisia da, eta gure konpainian ez genuen horrela ulertzen. Eta gainera, konturatu ginen antzerkiaren bitartez zer edo zer esan nahi bagenuen, ospetsua izan gabe, proiekzio txikia izango genuela. Eta hau dela beste modu bat gizartearengana iristeko.

Zein da antzerki komunitarioaren berezitasuna?

Auzokideei begira auzokideek eginten dutena da, musikaren laguntzaz, euren auzoko historia kontatzen duena, eta ondo egindakoa izan behar duena. Ez da denbora-pasa hutsa. Gainera, oso konprometitua da. Aktorea izatea baino konprometituagoa. Hemen, Otxarkoagan, bertan parte hartzen dutenek bere auzoaz hitz egiten dute ezagutzen dituzten auzokideen aurrean. Oso ausartak dira. Oso ausarta da esatea zure auzokideari zelan ikusten duzun zuk zure auzoa. Zure ama edota aitaren aurrean zure familiaz hitz egingo bazenu bezala da, benetan pentsatzen duzuna esanez.

Zelan garatzen da?

Oso zaila gertatzen da dramaturgia osatzea, antzerki mota honetara hurbiltzen den jendea anitza delako, oso: politika, erlijioa, adina, alde soziala... eta zerbait komuna sortzea da helburua; eta ados egotea. Galdetzen den lehendabiziko kontua “zertaz hitz egin nahi duzue?” da. Bost pertsona hasi ginen, gero 15, eta orain 25 gara. Pentsazazu zenbat iritzi ezberdin!

Eta nolatan zu Otxarkoagan?

Magikoki. Ez nuen ezagutzen. Begira. Getxo eta Otxarkoagaren artean dauden 15 kilometroak badira hemendik Cádizera joango bazina bezala. 30 urte klaseak ematen daramatzat, eta asko kostatu zait hemen gauzak zein ezberdin ikusten diren ulertzea. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Hegoameriketatik bueltan inauguratzen zen Harrobia, eta aukera ona iruditu zitzaidan, antzerki komunitarioa zonalde gutxietsietan egiten delako.

Erraza da horrelako antzerkia egitea?

Ez. Baina oso argi neukan ez nuela egingo antzerki konpainia bat Otxarkoagan. Berez, alde hori soberan ezagutzen dudalako. Eta norberaz hitz egitea zaila da, eta are gehiago adostea. Esaterako, Otxarkoagan Lenin eta Marx estatua dagoen plaza hori. Bada, bere izena esateko, batzuk “Lenin eta Marx” plaza dela diote, beste batzuk inoiz ez dela horrela deitu, ez dakit zelan deitzen dela. Ezin daiteke esan auzokide guztiek ezagutzen ez duten datu bat. Adostu behar da. Errealitateaz ari garelako.

Orain artelan batzuk egin dituzue.

Hasi ginen auzoaren sorreratik, Francok inauguratu zuenekoarekin; gero Barrio Obrero antzeztu genuen, Banden Greba izan zena. Eta orain Asómate a la ventana lanarekin ari gara. Ni hona heldu nintzenean, eskatu nien Otxarkoagaren inguruko gauzak kontatzeko. Eta bertan, leihoetatik ohiuka hitz egiten zela esan zidaten. Gustatu zitzaidan ideia, oso teatrala izan daitekelako. Koreografiarekin hasita gaude, eta orain leihoetatik edozein gauza esaten da. Ondoren, dramaturgia osatzen hasiko gara eta zer esango dugun adostuko dugu. Hori da zailena, nire ustez. Bada askotan esaten duten gauza bat: “Hau auzo guztietan gertatzen da”. Baina hori ez da horrela. Auzoari buruz dauden estereotipoak aldatu nahi dituzte.

Zein jende mota dago?

Batzutan amak euren umeekin etortzen dira, ohikoak ez badira ere. Antzerki komunitarioaren ezaugarrietako bat horixe da, adin guztiak elkarrekin aritzea, elkarri ideiak ematea. Gaur egun adinen arabera sailkatuta egoten gara; 10 urtekoak, 20koak, 25ekoak, 60koak... eta ez da ematen interakziorik gure artean. Aberastasuna da. Moha dago, 14 urteko marrokiarra, bere problematika guztiarekin. 70 urteko andra batzuk. Otxarkoagako gazteak. Psikologo bat. Arotz bat. Denetarik. Rapero bat... Uste dut zorionekoa naizela, talde ona delako. Sormen handiko pertsonak dira, artistak. Hor dauden emakume askok ezin izan dute zalantzan jarri artistak izan zitezkeen, bizi izan duten garaian bizi izan direlako. Oso humanoak dira, alde onak eta ez hain onekin. Baina maitasun handia sumatu dut.

Zein da zure parera talde honetan?

Zuzendariarena. Eurek esaten dutena antzerki bihurtu, kokatu. Baina aldi berdinean ulertu behar dut zein den euren beharra. Lehengo egunean Argentinako antzerki komunitarioaren guruekin txateatzen ari nintzen eta kezkaz aipatzen nien taldeak ez ziola aurre egin nahi auzoko arazoei. Eta erantzuna hauxe izan zen: “Lasai. Eurentzat antzerkia egitea iraultza da jada”. Nik katalizadorearen lana egiten dut. Urtzi alde musikalaz arduratzen da.

Eraginik izan duela ikusten duzu?

Auzoan eragina izateko 300 lagun izan beharko ginateke. Baina modu txikiagoan, antzerkian sortzen diren sinergia guztiek gero, bakoitzak bere etxean, bere jokabidean aldaketak sortaraziko dituzte, esaterako, seme-alaba eta amen artean.

Noizkoa da antzerki komunitariaren sorrera?

Argentinan 30 urte baino gehiago daramate, eta gainera, sarea osatzen dute. Estatu espainolean gu gara lehenak. Beste talderik egon da baina desagertu dira. Guk bi urte beteko ditugu otsailaren 1ean. Obra bat egin dugu orain arte Voces en el parque izenburukoa, Otxarkoagaren historiari buruzkoa. Gero, drogaren inguruko beste bat egiteko asmoa daukat, eta azkenik, amodiarekin amaituko dut. Astiro goaz, astero jende berria etortzen delako. Taldea ez da hemen amaitzen, gu barik ere aurrera egiteko bidea aurkitu beharko du... nahi izanez gero.

Noiz estreinatuko duzue obra berria?

Nik Otxarkoagako jaietarako nahi nuen, ekainerako.

Obra denak dira barruan antzeztekoak?

Denetarik dago. Haur jardunaldietan ginkana bat egin genuen, Txinoan. Umeek pista bat bilatzen zuten bakoitzean eszena bat aurkitzen zuten, beste pista batera bidea ematen ziena. Eta horrela ezagutu zuten zer gertatu zen Banden Greba hartan. Euren historioa ezagutu zuten. Frankismoaren aurka izan den grebarik luzeena izan zena ezagutu dute. Eta hori Otxarkoagan gertatu da.

Zein konpainian zaude zu?

Simulacro Teatron. Bestalde, Getxon sormenerako gune bat sortu dugu: Utopian izena du eta perkusioa, antzerkia eta dantza uztartzen ditu. Artista eta sortzaileentzako lekua da, formakuntzarako lekua. Aullidos de Otxar, Otxarkoagako antzerki komunitarioaren taldea proiektu honen barruan dago, guk antzerkia gizartea eraldatzeko, gizarte honen baloreak aldatzeko tresna gisa ulertzen dugulako. Sortzaileentzako lekua, gu sortzeko jaioak garelako, eta sortzen ez badugu, hiltzen gara. Honelako lekuak, proiektuak maitemindu nau. Artea produktu gisa ez dudalako ikusten, artisautza lana baizik. Utopian ez dugu mundua aldatu nahi, baloreak baizik; ez dugu iraultza nahi, eboluzioa baizik. Esaterako, emakumea naizenetik emakumearen aurkako bortizkeriaren aurrean sentsibilitatea daukat. Eta ezin dut ulertu gaur egun zelan eman daitezkeen harreman bortitz horiek. Nik seme-alaba bi dauzkat, 22 eta 17 urtekoak, eta gurea ez da kasua. Baina pentsatzen dut, zer egin dugun txarto halakoak eman daitezen. Zelan da posible nire adinako jendea hippy belaunaldi bat izan denean. Astean bi orduko tailer bat ematen dugu hainbat ikastetxetako neska nerabe eta gazteekin gai hau tratatzeko. Asmoa da gazteei tresnak ematea horrelako indarkeria egoerak ondo bideratzeko.

Azken bitxikeriaren bat?

Hasi ginenean taldekoek esaten zuen hemen denek batera hitz egiten dutela, ohituta daudela, eta elkar ulertzeko gai direla; ni ez, jakina. Eta esaten nien hori ezinezkoa dela. Eta eskua altxatu eta txandaka hitz egiten hasi eta ikasi behar izan genuen. Elkar ulertzeko eta ados ipintzeko ezinbestekoa izan zen, kar, kar, kar!

ENTRESAKAK:

“Norberaz hitz egitea zaila da”

“Auzoari buruz dauden estereotipoak aldatu nahi dituzte”

 

Testua: Itxaso Perez

Argazkiak: Iñigo Azkona