Ez dabe eroango Ama Birjina!

bertonaldizkaria 2014ko ots. 4a, 11:47

Begoñako Ama Birjina Begoñako lurretatik ateratzeko herriak baimena eman behar zuen. Eta ha ez zen begoñarren gustukoa. XVII. mendean atera zen lehenengoz, uriolak Bilbo mendean harturik zeukan kinka larri-larri batean (1651) eta harrez gero estualdietan ohikoa izan zen. Baina mahatsorriak haserratu egin ziren.

Ibaizabaleko urek bere bidetik atera eta Bilboko kaleetan barrena uriola isurtzen zirenean, azken erremedioa izaten zen Begoñako Ama Birjinaren irudia prozesioan ateratzea eta Bilboraino jaistea. 1651n gertatu zen lehenengoz, baina harrez gero uriola etorri zen bakoitzean bilbotarrek eskabidea egin zioten Begoñako herriari, Andra Mariaren irudia Bilbora eramateko.

Adibidez, 1775ean. Ekainaren 20an Bilbo urez inguraturik zegoen, itotzekotan. Goizeko 6etan begoñarrek prozesioan eraman zuten Ama Birjinaren irudia Gurutzeko komenturaino. Komentua Mallonako galtzadaren oinetan zegoen, Bilbon baina Begoñako mugatik hur. Ama Birjinaren irudia eman zieten Bilboko udal kargudunei “bajo de la protexta de debolberse por esta dicha Noble Villa (...) serenada la dicha tempestad en la forma y paraje acostumbrado con la solemnidad que se deve y requiere (...) manteniendose en el interin en la yglesia de dicho combento solo por vía de depósito”.

Andra Mariaren eragina arin igarri ei zen, egun hartan bertan, arratsaldeko 4etan, Begoñako Udalak irudia atzera ekartzeko eskatu zuen eta. Azkenean, hilaren 23an, goizeko 9etan, bilbotarrek Gurutzeko komentutik atera zuten Ama Birjina. Askaotik Joan Santuen elizaren aurrera jo eta ondoren Korreo kaletik eta Sombrereriatik galtzadetara bueltatu eta Mallonatik gora Begoñarantz jo zuten. Herri bien arteko mugan bilbotar agintariek eskerrak eman zizkieten Begoñakoei. Bertatik prozesioak Begoñako elizaraino eraman zuen irudia.

1794ko kasua

Baina Ibaizabaleko uriolak ez ziren kinka estuen iturri bakarra. 1793an Espainiako erregeak gerra deklaratu zion Frantziako gobernu iraultzaileari. Guda hark (Konbentzio Gerra, 1793-1795) erlijio gudaren kutsua hartu zuen. Hasieran haizeak espainolen alde jo zuen baina geroago aldaketa etorri zen. 1794ko uztailean Frantziako armada berriak Gipuzkoa inbaditu zuen.

Estualdi hartan, abuztuaren 10ean, Begoñako herri batzarrak (Udalak) Ama Birjinaren babesa eskatzea erabaki zuen, “bajando del trono la veneranda y milagrosa imagen de Nuestra Señora de Begoña” eta lehenengo Boluetako Santa Ana ermitara eramatea eta bertatik Bilboraino jaitsi ostean, santutegira bueltatzea. Zer eskatu zioten? “Que se consiga el socorro que se desea por la Cathólica Religión para la destrucción de la gente de Francia”.

Andra Mariari eskabidea egiteaz gain, tertzioak osatu zituen Bizkaiak. Herri bakoitzak gizon multzoa bidali zuen herrialdea defendatzera. Begoñarrek sei konpainia osatu zituzten. Baina frantsesen oldarraldiak aurrera egiten zuenez, erabaki gehiago hartu behar izan zituzten. Abuztuaren 24an Begoñako herritarrek beste udal batzar bat egin zuten. Bertan, Joaquin de la Quintana fielak (alkateak) Bizkaiko Ahaldun Nagusien eskabidea irakurri zuen, “para que se la vajase a la santa ymagen de nuestra señora de Bego-oña a la villa de Bilbao por el critico tiempo en que nos hallamos de la guerra en la Francia y a la yglesia matriz del señor Santiago de dicha villa para hazerla un nobenario implorando”.

Baina orduko hartan ez zegoen giro. Batzarraren aktan irakurtzen denez, herritar gehienek esan zuten bederatziurrena egiteko ez zegoela zertan Andra Maria Begoñatik atera. Orduan handiki batek, Josef Gorostiagak, beste lau gizonen babesaz, Diputazioaren eskabidearen alde egin zuen berba baina kontrako eragina lortu zuen. Haserrea lehertu egin zen: “Y a esto se alteraron muchos vecinos pidiendo fuesen presos los que protextaron y salieron del Ayuntamiento algunos vecinos”.

Bitartean, kanpoan zeuden emakumeek –batzarrera gizonak baino ez ziren sartzen– harrika hasi ziren Udaletxearen aurka, Ama Birjina ez zutela eramango esanez eta preso hartzeko Gorostiaga eta enparauak: “Apedrearon las mugeres casadas y solteras de dicha anteyglesia que se hallaban en la portalada de la casa consistorial a sus balcones, voceando con expresiones de que no se la vajaría a la santa ymagen, y que aquellos que protextaron se les hiciese presos y redugese a la cárcel pública de esta villa”.

Ama Birjina jaitsi ala ez, azkenean frantsesak Begoñan eta Bilbon sartu ziren 1795eko uztailaren 19an. Hiru egun geroago bakea sinatu eta guda hura amaitu egin zen.

Argazki oina: Begoñako Ama Birjinaren irudia prozesioan San Monika komentuaren parean XX. mendearen hasieran

Testua: Hektor Ortega