Oware eta Stratego: aspaldiko mahai-joko berritzaileak

bertonaldizkaria 2014ko ots. 5a, 10:45

Mahai jokoak normaltasunez ikusten dira egunerokotasunean. Txikitatik ohituta egoten gara horiekin jostatzen, eta gehienok ditugu horiei loturiko esperientziak. Baina, munduan dauden mahai-joko guztien artean gutxi batzuk baino ez dira gurean ezagunak. Kultura bakoitzak bere joko propioak dituen arren, gaur egungo teknologiaren bitartez posible da munduko txoko ezberdinetako denborapasak ezagutzea. Horrela bada, Bilbo inguruan ere badago partxisa edo xakea ez direnetan aritzen denik. Esaterako, Oware zein Stratego jokoetan.

Duela hiru hilabete inguru Egoitz Campo larrabetzuarra lesionatu zenean futbola utzi behar izan zuen. Hasieran zer egin ez zekiela egon zen arren, laster hasi zen gustuko zituen jokoen bila. “Oware jokoa orain dela gutxi deskubritu nuen, –adierazi du Oware eta Joku Estrategikoen Euskal Elkarteko presidenteak– eta oso gustuko dut”. Antzinatik existitzen den joko afrikarra da Oware. Honetan, hamabi zulo dituen taula bat da jokoaren eszenatoki; eta dirudienez, hasieran nekazariek haziekin jokatzen zuten (egun bolekin jokatzen da). Bizkaitarrak azaldu duenez, jokoaren matematika eta estrategia konbinaketak erakartzen du gehien.

Stratego jokatzen hasi zenetik, berriz, “hilabete inguru pasa da” adierazi du OJEEEko presidenteak. Horren berri izan zuenean, arduradun nagusiarekin hitz egin eta antolatzen dituzten txapelketetan parte hartzera gonbidatu zuten. Estrategia garrantzitsua da joko honetan ere; eta duela hamar bat urte ospetsu samarra bilakatu bazen ere (maila batera arte behintzat), egun zaharkiturik geratu dela, aitortu du gazteak: “Nik nirea kanpotik erosi behar izan nuen”.

Joko hauek oraindik ez dira oso ezagunak Euskal Herrian. Hala ere, beste herrialde batzuetan entzute handiagoa dute (ez daude xakearen parera, baina badira berton baino ezagunagoak). OJEEEko presidentak uste duenez, hemen ere jende askoren gustuko izan daitezke. Estrategiazaleentzat joko aproposak dira.

Orain, hilean behin, Bilbon batzen dira OJEEEko presidenta eta taldekideak Owaren jokatu eta trebatzeko: “Gehien bat Owaren aritzen garen arren, orain Strategon ere arituko gara”. Ostirala izaten dute biltzeko egun hautatua; eta tokia berriz, Bilboko tabernaren bat. “Bi jokoetan aritzeko nahikoa da taula jasango duen mahaia aurkitzea”, gehitu du gazte bizkaitarrak. Stratego lehiaketa antolatzeko intentzioa ere badaukate, baina lehendabizi bera trebatu behar; “gainontzeko kideei erakusteko”, gehitu du OJEEEko presidenteak.

Oware eta Joku Estrategikoen Euskal Elkartea ofizial bilakatu nahi dute. Horrela errazagoa izango zaie daukaten asmoetako bat gauzatzea, Europako Oware Txapelketa antolatzea, hain zuzen. “Oraindik elkarte ofiziala izan gabe, ez dago Udalak utzitako gelarik eskuratzeko aukerarik”, azaldu digute. Dena den, prestatze prozesuak aurrera jarraitzen du. “Ezagutzen dugun taberna batean antolatzea pentsatu dugu. Bi solairu ditu eta goikoa urtebetetze zein bestelako ekintzetarako aloka daiteke”. Txapelketak izango lukeen harrera oraindik ziurtatu ezin den arren, jada Italia, Frantzia zein Suizako jendea gonbidatu dutela aurreratu digu Egoitzek.

Finantziazioari dagokionez, behin Oware eta Joku Estrategikoen Euskal Elkartea ofizial bilakatzean, Aldundia eta Udalari diru-laguntza eskatzeko asmoa daukate. “Eskatuta ere badakigu egungo egoera ekonomikoan oso zaila dela ezer lortzea. Horregatik, oraingoz behintzat, dauden moduan funtzionatzen jarraituko.

Antolatzea xede duten Europako Oware Txapelketaz gain, bere burua bestelako lehiaketatan murgildurik ikusi nahi du Egoitz Campok. Otsailaren bukaeran gauzatuko den Owareko Nazioarteko Txapelketara joatekoa da. Jokalari aparten aurka arituko da eta, bide batez, Cannes zein Bartzelona hiriak ikusteko aukera paregabea ere izango du. Abuztuan, Grezian burutuko den Strategoko Munduko Txapelketara joatea ordea zailagoa iruditzen zaio: “Ahal izanez gero gustatuko litzaidake, federakundeetan jende gehiegirik ez dagoenez prest daude jende berria gonbidatzeko. Baina, banakakoetarako prest egon arren, taldekoetarako hiru lagum joan beharko ginateke Euskal Herritik”. Gazte bizkaitarrak Nazioarteko Oware Federazioari (www.oware.org) eta Nazioarteko Stratego Federazioari (www.isfstratego.com) aipamen egin nahi izan die. Izan ere, horiek izan dira nazioarteko txapelketetarako Euskal Herriko Selekzio moduan onartu dituztenak.

Txapelketez gain markaturik dituzte bestelako helburuak etorkizunerako. Durangoko Kondaira mahai-joko elkartearekin kontaktuan jarri dira elkarlanean aritzeko. Horrez gain, jokatzen jarraitzea eta jendea bilatzea gustatuko litzaieke: “Orain ezagunen artean biltzen gara. Baina interesak baturiko jendea etortzea ere nahi genuke; txapelketa gehiagotara ere joan ahal izateko”.

Azkenik, interesa daukan orori animatzeko deia egiten dio OJEEEko presidentak. “Besterik gabe probatzera etorri nahi duena ongietorria izango da. Stratego teknikoagoa da eta denbora gehiago behar den arren, Oware partida bat 20 bat minututuan eginda dago”. Jokoen berri inoiz izan ez duen edonori ere “pozik” irakatsiko diote estrategia joko hauetan zelan aritu. Bilbon, ostiralen baten probatu nahi duenak e-posta honetara campo_16@msn.com idaztea baino ez du egin behar.

 

Testua: Gorka Lopez

Argazkiak: OJEEE