Karmelo Ikastolarenak izandako lokalak auzoarentzat izatea eskatu dute Santutxuko hainbat taldek.
Iragan urtarriletik hona, Karmelo Ikastolak eraikin berria dauka Larreagaburun. Santa Martan eta Menendez y Pelayon zituen lokalak ez dira gehiago eskola izango. Momentuz hutsik daude, eta udalak -lokalen jabeak- oraindik ez du hauekin zer egiteko asmoa duen azaldu. Karmelo Ikastolako ikasle ohien elkarteak, Kaixo gurasoen elkarteak eta ikastolaren sorreran parte hartu zuten hainbat kooperatibista -pribatua zenean-eta elkartek zein Santutxuko Familia Elkarteak, Auzategian izeneko proposamena luzatu diote Bilboko Udalari.
Sustatzaileek “Karmelo Ikastolako lokalen alderko ekimen” bezala definitzen duten Auzategian proiektuan bost puntutan laburbiltzen duten eskaera luzatu diete udal arduradunei. Lehenengoa eta garrantzitsuena “santutxuarrentzat zein kanpokoentzat kultura espazio bat sortzea ikastolarenak izandako lokal horietan”. Auzategiko ekimenaren atzean daudenen arabera “auzoak azpiegitura kultural urriak ditu eta barrutiko zentroa auzoaren bihotzetik kanpo kokatuta dago”.
Lokal hauen etorkizuna auzoaren iritzia kontuan hartuz erabakitzea eskatu dute eragileek. Horretarako, “Udalak azterketa tekniko eta partehartzaile bat aurrera eraman dezala” eskatzen dute. Dena antolatzeko asmoarekin, Udal ordezkariekin bilera egitea eskatu dute. Bertan Jose Luis Sabas Lan eta Zerbitzuetako zinegotzia, Fran Viñez arlo honen zuzendaria eta Ibone Bengoetxea Kulturako zinegotzia zein eskaera egiten duten talde bakoitzeko pertsona banak egon beharko luketela uste dute Auzategian ekimenaren atzean dauden taldeek.
Karmelo Ikastolaren inguruko kolektibo ezberdinek eta Santutxuko Familia Elkarteak ez ezik, beste hainbat taldek ere eskaera hau babestu dute, besteak beste, Santutxuko Mendizale Taldeak, Santutxuko Bertso Eskolak, Euskeria abesbatzak, Cantharelus Mikologia Elkarteak, Mairuek Erraldoien konpartsak, Santutxuko Txistulariek, Zelata Kultur Elkarteak, Ximelgorri Umeentzako aisialdi taldeak, Xirula Mirula musika eskolak, Gure Oihalakek, Berbalagunek eta Santutxuko AEKko irakasleek. Auzategia ekimenaren sustatzaileen eskaera argia da. Udalaren erantzunaren zain daude orain.
Testua: Ander Barinaga-Rementeria