Argia Gardeazabal: “Pabiloi 6 antzerki fabrika”

bertonaldizkaria 2014ko ots. 6a, 10:04

Kaixo irakurle! Nik idatzitako hitz hauek irakurtzen ari bazara, nire mirespen eta errespetu osoa daukazu. Gaur egun ez baitu edonork irakurtzen eta are gehiago kultur gomendiorik eta are gutxiago antzerkiaren ingurukorik. Beraz, eskerrak eta besarkada handi bat zuretzako.

Aldizkari honetako langile tematienak bultzatuta hemen naukazu antzoki handi, txukun eta beroetatik urruntzen den tauletara eta kaleetara hurbiltzeko prest. Arriaga antzokitik haratago eta Goenkaleko aurpegiez gain badago antzerki mundu liluragarri, berri eta emankorra, zomorro eszenikoez betetako aktore plantelarekin.

Bidaia Pabiloi 6 proiektuan hastea proposatuko dizut. Pabiloi 6, Bilboko Zorrotzaurre auzoko 47 zenbakian kokaturiko pabiloia da. Arte eszenikoei loturiko 13 kreatzaileek bultzaturiko Antzerki eta Dantza proiektuak erakusteko gunea topatuko duzu bertan. Gune ofizialetatik urrun, ardo bat hartu eta mantatxo baten azpian ikusi ahal izango dituzun ikuskizunez gozatzeko aukera izango duzu.

Hilabete honetan: “Cabaret Chihuahua”, “Trastornos Literarios” eta Antzerki Arinaren I Jardunaldien barnean topatuko dituzun 20 minutuko pieza laburrak. Bertan: “Prohibido soñar despierto”, “Diez”, “Bienes y propiedades” eta “Dead Letters” topatuko dituzu besteak beste. (www.pabellon6.org)

Kultur estoldetan barrena galdu eta bertan elkar topatuko dugulakoan… Ongi bizi!