Atxuri kantxen alde eta erabilera askotako estalitako espazio baten alde, kirola egiteko eta eguralditik babesteko
Zenbait komunikabidek jakinarazi dutenez, Atxurin kirol-kantxa batzuk eraikitzeko asmoa dago, eta bizilagun-talde batek erabateko aurkakotasuna erakutsi du. Horren aurrean, zenbait auzo, kultur eta kirol elkartek eta García Rivero LHIko guraso elkarteak adierazi nahi dugu Enkarnazio parkean kantxak eraikitzeko proiektuari erabateko babesa ematen diogula. Gainera, auzoaren gehiengoaren jarrera zein den argitu nahi genuke, eta hona ekarri gaituen prozesua azaldu.
Gogoratu nahi dugu eskaera hau García Rivero LHIko guraso elkarteak egin zuela. Elkarte horren lanari esker, Auzokide Planean (2012-2015) erabilera askotako estalitako espazio baten eraikuntza sartu zen (kirol askotako kantxa estaliak), Atxuriko kiroldegiaren gainean, Enkarnazio Parkean. Obra horren kostua 1.000.000 eurokoa litzateke gutxi gorabehera (AUZ-514 Atxuri).
Kirol askotako pista estali honetarako obren lizitazioa 2013ko irailaren 4an amaituko zela jakin genuen, prentsaren bidez. Orduan, Atxuriko Auzo Elkarteak eta Atxurigorri kolektiboak azaldu genuen prest geundela udalarekin eta obrak adjudikatuko zitzaizkion enpresarekin lan egiteko, proiektu honetan egin litezkeen balizko hobekuntzak adosteko.
Udaleko zenbait arduradunekin batzartu ginen (Udaleko Obra eta Zerbitzu Zuzendaritza; Barruti Kontseiluko arduradunak) eta kirol askotako kantxa estalien proiektua egiteko planoak aztertu genituen. Ondorioz, zenbait ekarpen egin genituen, ekipamendu berri hau Atxuriko bizilagunen premiei eta gure zonako ikastetxeei (batez ere García Rivero LHIari) ahalik eta hoberen egokitzeko.
Hauek izan ziren gure alegazioak:
1) Maestro García Rivero LHIk azpiegitura gutxi dauzka eskola-kirola egiteko (erabilera askotako kantxa bat aurreko patioan eta orain dela gutxi egin den saskibaloi kantxa txikia atzeko patioan, eskola-kiroleko txapelketetarako prestatuta ez dagoena), eta ez daukate kirola egiteko estalitako espaziorik. Horrenbestez, iradoki genuen udalak hitzarmen bat sina zezala ikastetxe horrekin, erabilera askotako espazio berrietan zona honetako eskolen kirol erabilerei lehentasuna emateko (entrenamenduak, lehiaketak eta abar), haiek ez baitaukate horrelako instalaziorik.
2) Kirol erabilerei dagokienez, azpimarratu behar dugu obraren proiektuan frontoi txiki bat egiteko aukera zegoela. Ez dago euskal pilotan jokatzeko lekurik gure inguruan, eta gure eskolako umeen artean zaletasun handia dago. Horregatik, erabilera askotako espazio berrian kirol hau kontuan izatea iradoki genuen.
3) Enkarnazio Parkean ez dagoenez estalitako espaziorik, eskatu genuen estalitako kantxa berrietan estalitako gune bat jar dadila (joko-eremutik kanpo), parkera edo igerilekura doazen familiek eguraldi txarra dagoenean aterpea eduki dezaten.
4) Eman zizkiguten planoak aztertu ondoren, bi kezka genituela erantzun genien:
Batetik, eraikin berriaren bolumenak parkean izan lezakeen inpaktua. Enkarnazio parkea Bilboko zona honetan dauden parke urrietako bat da. Gure ustez, ekipamendu hau parkean txertatuta egon beharko litzateke, gaur egun parkeari ematen zaizkion erabilerak ez kaltetzeko moduan.
Bestetik, eraikinaren orientazioa. Pentsatu genuen, aurreikusitako planta 90º biratuz gero eta Behartsuen Senidetxoen Komentura gehiago hurbilduz gero, Begoñako Errepublikako goiko aldearen eta Enkarnazio plazaren arteko bidea errespetatuko litzatekeela eta orain dagoen espazioa mantenduko litzatekeela.
Alegazio hauei erantzun egokia eman die udalak. Gure eskaeren aurrean, elkarrizketarako prest agertu dira eta alderdi guztiekin hitz egiteko jarrera erakutsi dute. Udalarekin lan-mahai bat eratu dugu, ENKARNAZIO PARKEAREN PAISAIA-PLAN INTEGRALA sortzeko. Mahai honetan estalitako pistaren proiektua hobetuko da, auzoaren premiak kontuan izanik, eta parkea osotasun bat dela ulertuta egingo da eraikuntza.
Helburua auzoari parkearen osagarri den instalazio bat eskaintzea da, auzokide guztiok erabiltzeko eta gozatzeko. Berari esker, auzoan jarduera gehiago egingo dira eta auzoa biziberrituko da.
Sinatuta: AMPA del CEP Maestro García Rivero, AMPA Mujika, AMPA Solokoetxe BHI, AAVV Bilbao La vieja, San Francisco y Zabala, AAVV del Casco Viejo (Bihotzean), AAVV de Atxuri (AtxuriGorri), Asociación juvenil de Atxuri, Umeak kalean, Bizkaiko saskibaloia federezioa, ASFEDEFI (Asociación de federaciones deportivas de Bizkaia).