Ascensores de Begoña S.A. eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak gaur arratsaldean ezer adosten ez badute 23:00etan etengo da igogailuaren 64 urteko ibilbidea.
Errentagarritasun faltagatik (azken bost urtetan 100.000 bezero galdu ditu) eta Surbisaren aginduz igogailuko dorrean egin beharreko konponketa lanei aurre egiteko ezintasunagatik (eraikineko osagaien askatze eta erorketak ekiditeko) hartu du Ascensores de Begoña S.A. enpresak 2043 urtera arte duen ustiatzeko emakida eteteko erabakia.
Bost langile lanik gabe geratuko dira (azken bi nominak krobatzeke dituztela) eta milaka mahatsorri 64 urteko historiadun garraiobide gabe.
Azken hileotan Bilboko udalbatzarrean eta Eusko Jaurlaritzako Garraio batzordean Begoñako igogailuaren etorkizunari buruz eztabaidatu den arren, gaurdaino ez da akordiorik adostu.
INKESTA: Zer deritzozu Begoñako igogailuaren itxierari?
Irantzu, Uribarri: “Txarto, garraiobide bat kentzen dutelako. Umea logopedarengana eramateko erabiltzen dut igogailua”.
Elena, Kastaños: “Bizi osoa darama igogailuak gure artean, txikitatik ezagutu dut. Kentzen dutenean bestelako garraio garestiagoak erabili beharko ditugu”.
Iciar, Artazamina: “Oso gaizki. Begoñako igogailua historikoa da eta desnibel handia gainditzen laguntzen die hiritarrei”.
Jose Manuel, Sopela: “Beharrezkoa iruditzen zait. Gainera, oso begiratoki polita da”.
Olga, Sopela: “Astero erabiltzen dut. Beharrezkoa ez balitz ez nuke erabiliko, baina astero darabilt”.
Mikel, Zabalbide: “Bilboko osagai da. Urrun dauden auzoak lotzen ditu, baliagarria deritzot”.