‘Keinuka mugaz gaindi’ giza baloreei buruzko umeek egindako filma

prestaldizkaria 2013ko urr. 30a, 08:49

Intxixu ikastolako 4. mailako ikasleek “Kurkuluxetan” elkarteak Kubako eta Euskal Herriko beste hainbat eskolekin batera ekoiztu nahi duen Giza Baloreei buruzko pelikulan parte hartuko dute.

“Kurkuluxetan” elkartea Bilbon sortu zen duela hamar urte baino gehiago. Izandako ibilbidean, 2009. urte hasieran, elkarteko “Ane Monna, Oskola eta Karramarroi” antzerki taldea Kubako ekialdeko Arte Eszenikoen Komitearekin harremanetan ipini zen, beraien antzezlan bat Kuban zehar zirkuitatzeko asmoz. Behin harremanak abian ipinita, hasiera batean antzerki egitasmo bat izan behar zuena, denboraz beste helburu baterantz abiatu zen, askoz zabalago eta erakargarriagoa.

Urtebete da Euskal Herriko eta Cubako 20 eskola (5.000 ikasle) harremanetan hasi zirela, norberaren kulturatik abiatuz, elkar hobeto ezagutzeko, bi herrien arteko elkarkidetza estutzeko eta giza baloreak bultzatzeko. Elkarkidetza honetatik sortutako egitasmoaren lehen urratsa “Adiskidetasun Liburuak” izan ziren, haurrek beraiek egindako liburuak, bakoitzak bere herriko abestiak, olerkiak, argazkiak, ipuinak… elkarri trukatzeko. Eta ildo honetatik jarraituz, oraingoan pelikula bat egitea da asmoa.

Umeak izango dira filmaren benetako protagonistak eta artistak, eszena guztiak prestatu eta grabatuko dituztenak. Bertan, elkartasuna, nagusiekiko errespetua, umiltasuna, adiskidetasuna, berdintasuna, eskuzabaltasuna, maitasuna… eta antzeko giza baloreak adieraziko dira, Euskal Herriko eta Kubako ikastetxe desberdinetako haurrek ekoiztutako eszena laburren bidez.

Eszenak, 20 baino gehiago, datozen hilabeteetan grabatuko dira. Eskola bakoitza beste batekin senidetuta eta parekatuta dagoenez, eskola-bikote bakoitzari giza balore konkretua egokitu zaio, eta balore hori ardatz hartuta prestatuko dute eszena. Intxixu ikastolako umeek, hain zuzen, eskuzabaltasuna landuko dute Americo César Desilus Hernandez Kubako eskolako ikasleekin batera eta horretarako 2 minutuko esketxa grabatuko dute.

Nahiz eta esketxean 4. mailako ikasleak izan protagonistak, pelikularen bukaeran ikastolako ikasle guztiak agertuko dira argazkietan.

Pelikularen aurkezpena ekainean egingo da Kuban eta Euskal Herrian aldi berean, hango eta hemengo ikastetxeak bideokonferentziaz komunikatuko direlarik.

Egitasmo xume baina sakon hau finantzatzeko, “crownfunding” izeneko internet bidezko kanpaina jarri zen abian urriaren 16an. 40 eguneko epean 8.000€ edo gehiago lortzea da erronka, eta horretarako ezinbestekoa da jendearen laguntza. Zure ekarpena egiteko: http://euskadi.goteo.org/project/keinuka

Testua eta argazkiak: Intxixu ikastola