Pintxodromoa Bar Karola: “Patata, txorizo eta galeper-arrautz pintxoa”

prestaldizkaria 2014ko urt. 24a, 10:59

Arangoitiko Ganekogorta kaleko 12. zenbakian dagoen Karola tabernara joan gara oraingoan, egunero eskaintzen duten pintxo errakargarriz beteta dagoen barraren aurrean, beraien pintxo berrienetako bat zelan egiten den azaldu digute.

Pintxoaren historia

Tabernari berriak dira Carolina eta Miguel Arangotin, urriaren amaieran zabaldu zuten Karola taberna. “Oso pozik” daude bertan. Auzoaren erdigunean egotea eta auzotar batzuk lehenagotik ezagutzea “lagungarria” izan zaie. Garagardo eta kafea zerbitzatzen espezialistak dira Carolina eta Miguel. “Serioski hartzen” dute bai bata bai bestea, “kalitatearen aldeko apustua egin dugu”. Otsailetik aurrera, larunbatero, pintxopotean parte hartuko dute Arangoitiko beste taberna batzuekin batera.

Osagaiak

Patata

Txorizoa

Galeper arrautza

Berakatza

Olioa

Gatza

Perrexila

Nola egin?

Ezer baino lehen, olioari berakatza zaporea emateko, berakatz atal pare bat xafla finetan moztu eta oliba oliotan gorritu. Ostean, berakatza zartaginetik atera. Olio horretan, 40 minutuz eta su txikian, patata zati ederrak gorritu, poliki-poliki.

Ondoren, galeper arrautza, olio gutxirekin, frijitu eta txorizoa txiki-txiki ebaki eta zartaginetik sartu eta atera; zapore goxoa emateko.

Azkenik, pintxoa muntatu eta perrexil apur bat erantsi. On egin!

Zailtasun maila: txikia

Egiteko denbora: ordu 1

Prezioa: 1.20€

BAR KAROLA

Ganekogorta 12, ARANGOITI 946 55 32 88

www.facebook.com/caroltoros2

Astelehenetik ostiralera 9:00-22:30

Asteburutan 10:00-00:30