Santiren erokeria

prestaldizkaria 2014ko urt. 28a, 10:38

Eskupilotaren inguruan jakin-min handia izan du beti Santi Agirre deustuarrak. Informazio bila hasi zenean oso argitalpen gutxi dagoela konturatu zen. Orduan erabaki zuen ikerketa abiaraztea, duela bi hile liburu bihurtu zena.

“Zoragarria” izan da Grandes campeones de la pelota mano (Ediciones Beta, 2013) liburuarekin gertatutakoa, “zentzu guztietan”, dio Santi Agirrek. Izan ere, bere lehen liburuaren bigarren edizioa agortzear dago. “Ezin hobeto irten da dena”, Gorputz Heziketako lizentziatu deustuarrarentzat. Bere ametsa bete du Santik. “Nik buruz buruko eskupilota txapeldunak ezagutu nahi nituen, beraiekin egon eta argazki bana egin”. Eta lortu du, bai, 1940an txapelketa ofizialki abiarazi zenetik, bizirik dauden 20 txapeldun handiak elkarrizketatzea (bost hilda daude) eta euren bizipenak lan txukun batean argitaratzea.

Retegi II eta Ladis Galarzaren arteko norgehiagoka garaian pilotazaletu zen Santi Agirre. Etxean, bere aita ere oso zalea izan da betidanik. Aita bera izan du laguntzaile liburuaren “abentura ero honetan”. Biak ibili dira pilotariak bisitatzen eta pilotariak galdekatzen. Horregatik semeei bezala aitari ere eskaini nahi izan dio Santik liburua.

2011ko irailean ekin zion dokumentazio lanari Bizkaiko foru liburutegian. Lehenago ere asko irakurrita zegoen aspaldiko final eta pilotari handien inguruan. Duela 30, 40, 50, 60 urteko prentsa irakurrita “zein jende interesgarria, zergatik ez beraiekin hitz egin”, pentsatu zuen, eta saiatzea erabaki zuen. Lagun baten bitartez egin zuen lehen kontaktua Hilario Azkarate txapeldun bizkaitarrarekin (elkarrizketatu eta zortzi hilera hil zen). “Oso egun ederra” eman zuen Elorrion Azkaraterekin eta, lehen pauso hura eman eta gero, aurrera egin eta “txapeldun guztiekin” hitz egitea otu zitzaion.

Liburuaren ideia Juan Igancio Retegik (Retegi I) proposatu zion. Orduak hizketan eman eta gero “polita geratuko da liburu batean”, bota zion Santiri.

Liburua kaleratzeko argitaletxea aurkitzea prozesu luzea izan da, urte erdikoa. Hamaika argitaletxetatik pasa zen eta denek gauza bera erantzun zioten: “Zein interesgarria, baina gaur egun ezinezko da, duela bost urte etorri izan bazina...”, harik eta Deustuko Ediciones Betara heldu zen arte. “Argitaletxe txikia dira, oso harreman estua sortu dugu; ezin pozago nago emaitzarekin”.

Errespetu handiz idatzi du Santik eskupilotako txapeldunei buruz. “Kirol txikia da eskupilota, oso gurea. Txapeldun denek oso ondo tratatu naute, harrituta utzi naute, eta hori ere islatu nahi nuen. Nire errespetua agertu nahi nien”.

Orriak pasa eta pasa, 75 urtetan eskupilotak izan duen garapenaz ohartzen da  irakurlea. Hasi frontoien koloretik eta pilotarien uniformera edota eskuetako babesgarrietara, aurrerapena sekulakoa da. Erraz eta gustura irakurtzen dira txapeldunen anekdotak eta oroitzapenak. Irakurleren batek aitortu duenez, “hasi eta, nahi gabe, bukatu du liburua irakurtzen”.

INFO + Grandes campeones de la pelota mano

INFO + Ediciones Beta