Gure esku dago: “Har dezagun bidea, gure esku dago eta”

prestaldizkaria 2014ko ots. 24a, 11:10

Datorren ekainaren 8an, milaka herritarrek Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroak eskutik eskura elkarturik lotuko dituzte honakoa aldarrikatzeko: “Eskubidea dugula gure etorkizuna herri gisa erabakitzeko”.

Txalo jo zuten deustuarrek Gure Esku Dago herri ekimeneko bideoklipa ikusi ostean. Bat-bateko txaloak izan ziren Bidarteko udaltegian otsailaren 6ko aurkezpenaren hasieran entzundakoak. Pertsona ugari eta aurpegi ezagun asko, euskal kantugintzakoak batik bat, ikus daitezke bideoklipean “hormak eta harresiak ez ditugu maite, elkarrekin bizi nahi dugu soilik… Har dezagun bidea, gure esku dago eta, milaka lagun oinez, eskutik oratuta” leloa kantatuz.

Hain zuzen, txaloek ematen duten “ilusioa eta grina” izan zituen hizpide Alex Arregi Gure Esku Dago ekimeneko Deustuko lantaldeko kideak bere lehen hitzetan. “Baikortasuna helarazten digu bideoak baikortasunez beteriko ekimena izan nahi duelako ekainaren 8ko giza kateak”. Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean sentsibilitate ezberdinak batzeraino. Asko batzeraino; 123 kilometrotan 50.000 lagun, zehazki. Eta horietatik 400 lagun, behintzat, Deustualdekoak izatea dute helburu.

Herri bakoitzari kilometro bat dagokio giza katean. Deustuk badu berea jada. 61. kilometroa, Lazkao herriko kilometroa, alegia. Barreren bat edo beste eragin zuen egokitutako kokapenak Bidartera hurbildutakoen artean. Bada, Lazkaon dute hitzordua ekainaren 8an 12:00etatik 12:30etara aurretiaz izena ematen duten Deustuko herritarrek. Izan ere, dagoeneko lotuta dauden zortzi autobusetako batean Lazkaora joan-etorria egiteko izena eman eta bost euro ordaindu beharra dago. Konpromiso horren truke, autobusean jesarlekua eta zapi bat bermatzen ditu antolakuntzak. Zapia, badaezpadako neurria da. Kilometro batean 400 lagun elkartu ezean erabiltzeko. “500 bagara hobe eta 800 izanez gero zapia lepoan lotu eta kito”, zioen Arregik umoretsu.

Zabalpenean du Gure Esku Dagok zaitasun handiena. Taldekideak jabetuta daude “aniztasuna eta askotarikotasuna” oinarritzat dituen ekimena anitz eta askotariko izaten edukiko dutela lan gehien. Hau da, sentsibilitate ezberdinetara heltzea dute erronka nagusi. Horretarako, argi dute abiapuntua: “Berdinak ez gara baina batzen gaituzten gauza gehiago dauzkagu aldentzen gaituztenak baino”. Hortik ekingo zaio partaideen metaketari. “Erabakitzeko eskubidearen aldeko norbanakoen ekarpenak behar ditugu, ahalik eta gehien. Mezu hori zabaldu behar dugu. Eta denok ditugu inguruan bateko eta besteko lagunak. Etxean, familian, lagun artean, lantokian… ahoz ahoz zabaldu behar dugu deia.

Hasi gara jada hainbat sentsibilitateko pertsonak batzen eta ekimena zabalduz joan behar dugu ekainaren 8ko giza kateraino”, Arregiren aburuz. Pozik daude Arregi eta lantaldeko beste kideak otsailaren 6ko aurkezpenarekin. Kopuru aldetik “herritar majo” hurbildu delako eta partaideen aldetik “anitza” izan delako. “Jende ezezaguna ere etorri da”. Eta hori seinale ona da.

Jesus Mari da Bidarteko udaltegira bertaratu den herritar bat. Izena emana du dagoeneko giza katean parte hartzeko. Bere ustez erraz beteko da Durango eta Iruñea arteko tarteaa ekainaren 8an. “Eta beste adar batzuk ere sortuko dira. Mugimendua badagoeko behetik gora datorrena”, dio. Izaskuni “oso ideia ona” iruditzen zaio Gure Esku Dagok bultzatutakoa. “Beste batzuek egin dute. Zergatik ez guk? Originala da eta sentsibiltate ezberdinak batzeko balio du. Horrelakoak behar dira”, diosku. Edu, ordeak, oso bestela pentsatzen du: “Oso ezkorra naiz. Ez gara batere originalak, mimetismo hutsez ari garela uste dut”.

Nerea ere hasieran kritiko zen egitasmoarekin, “sinistezina” iruditzen zitzaion 123 kilometroko giza katearen erronka. Orain, berriz, baikorragoa da: “Horrelako aukera ezin du pasatzen utzi”. Axular ere geroz eta animotsuago dago. Are gehiago aurkezpena eta gero: “Gaurkoaren ostean askoz gehiago zabaltzea lortuko dugu”. Ane ere baikoratsunak kutsatu du, eta desafio hauxe luzatu digu: “Deustun, 400 baietz!”.

Hitzorduak

Martxoaren 29an, larunbata, La Casillako pabiloian Euskal Herri mailako ekitaldia antolatu du Gure Esku Dago ekimenak. “Termometroa” izango da “jendearen animoa neurtzeko” eta “herriz herri 400 lagun lotu diren jakiteko”. Hori baino lehen, Deustun kaleko lana egitekoak dira. Martxoan informazioa banatuko dute bai San Pedro inguruan bai Euskalduna zubi inguruan. Jaiei begira, “ekintza ikusgarriagoa” egitekoak dira “Deustuko termometroa zelan dagoen ikusteko eta giroa berotzeko”.

Hasi da auzolana fruituak ematen. Deustuko sei kideko lantaldeak Bidarte udaltegian 75 lagun batzea lortu du. Erriberako auzotarrek izen zerrendak osatu eta ekin diote berria zabaltzeari. Arangoitin ekimenaren aurkezpena egitekoak dira “jendea zirikatzeko” eta San Inazio-Tellaetxen kilometro propioa betetzekoak dira. Katea, beraz, osatzen ari da.

Alex Arregi, Gure Esku Dago-Deustuko taldekidea

“10 lagun liatzen baditugu denok katea luzatuko dugu”

Deustuko kilometroan 400 pertsona batzeko zein zailtasun duzue?

Deustu hiria da eta herrietan honelako moduko ekimenak antolatzeko erraztasun puntua daukate. Idatzizko atxekimendu pertsonalak behar ditu Gure Esku Dagok eta herrietan egunero elkartzen dira, baina Deustun, berriz, elkar ikusi orduko denbora piloa pasa daiteke.

Zelan zabalduko duzue ekimenaren berri?

Orain arte sei pertsona izan gara pare bat aldiz batu garenak. Bidarteko aurkezpenarekin urrats bat eman dugu. Zirikatzaile lana eginez aniztasuna lortu dugu. 75 pertsona aktibatzea lortu dugu. Erriberako auzotarrak antolatu dira eta besteok ere horrela jokatzen badugu, 10 lagun liatzen baditugu denok, katea luzatuko dugu.

Deustu, Erribera, Arangoiti, San Inazio… erabakitzeko eskubidearen jira-biran mugiarazi nahi dituzue.

Aurtengoa, 2014a, gakoa da erabakitzeko eskubideari dagokionean. Eskozian erreferenduna dute, Katalunian aurrerapausoak eman dituzte eta Euskal Herrian ezin dugu atzean geratu.

Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Hurrengo bi hileak informazioa zabaltzen, zerrendak egiten eta atxekimenduak jasotzen emango ditugu. Deustuko jaien bueltan ekintza ikusgarriagoa egiten ahaleginduko gara. Deustuko herritarrekin esku bat osatu nahi genuke.

gureeskudagodeustu@gmail.com

www.facebook.com/gureeskudago.deustu

@GEDDeustu

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: Gure Esku Dago-Deustu