Edurne Kortazar, Mikeldi dantzari taldea: “Aldatu beharra dago, dantzak berriztu behar dira”

prestaldizkaria 2014ko ots. 24a, 11:31

Mikeldi Dantza Taldeak 35 urte bete ditu eta sorreratik irauten duen taldekide bakarra da Edurne Kortazar. Dantzazaletasuna ez du batere galdu.

35 urte bete ditu Mikeldi Dantza Taldeak. Zein osasun du taldeak egun?

Azken hamar urtetan berdin ibili da. Jendea normalean aspertu egiten da sakrifizioa baita astean bitan entseguetara joatea. Gainera, gehienak mila saltsetan sartuta daude. Batzutan joaten dira entseguetara, beste batzutan ez. Askotan ez dakigu zenbat jende egongo garen dantza egin behar dugun arte.

Konpromiso faltagatik ala bizi dugun estresagatik gertatzen da?

Ez da konpromiso falta. Gauza jakinak egiten ditugunean jende piloa elkartzen gara, gogotsu. Baina astero-astero entseguetara joateko arazoak izaten ditugu, lana dela, ikasketak direla, bilerak direla... denok nagusitu gara eta beste zeregin batzuk dauzkagu. Hori dantza talde guztietan gertatzen da. Lehen taldeetan ume asko zeuden modan zegoelako, ume guztiak joaten ziren dantzara. Orain, aukera gehiago dagoelako edo beste ekintzaren bat nahiago dutelako askoz gutxiago. Niri berdin dit.

Zenbat umeri irakatsi diozu?

Milaka zetozen eta ez nekien zelan irakatsi piloa zirelako, ez nekien neurria zelan hartu. Orain ikastolan askoz ume gutxiago ikusten ditut. Ume faltagatik talde batzuk ez dira sortzen eta horrek pena ematen dit zeren piloa gustatzen zait dantzaren mundua.

Zein da Mikeldi Dantza Taldearen harrobia?

Deustuko Ikastola, batik bat. Ikastolatik etortzen zaizkigu gazteak. Dantzan badakite gehienek eta hori abantaila da. Kaleko jendea ere etortzen zaigu. Adina eta maila ez dira arazo, 30, 40 urte berdin da. Guztiok batera entseatzen dugu, batzuk besteei irakatsiz, eta urtero dantza berriak ateratzen ahalegintzen gara.

Zer prestatu duzue aurtengo?

Duela zortzi urte ikasitako Gipuzkoako eta Arabako dantza batzuk berreskuratuko ditugu eta bizpahiru berri ikasiko ditugu. Baina ez dugu bereizketarik egin Deustuko jaietan egin ohi ditugun dantzen eta urteurreneko dantzen artean.

Mesedez, aurreratu iezaiguzu zerbait.

Azken bolada honetan euskal dantzetan modan jarri da dantza ikuskizun bat egitea, ideia, gai edota kanta batetik abiatuta. Gu iaz saiatu ginen ikastolako urteurrenean istorio xume baten barruan dantza kokatzen. Ipuin bat asmatu nuen eta horren barruan dantzak kokatu genituen. Megafoniak ez zigun lagundu, baina ni pozik geratu nintzen. Aldatu beharra dago, dantzak berriztu behar dira zeren beti berdina egitea, beti arku dantza egitea, aspergarria da. Antzinako dantzak dira eta mantendu behar dira, baina apurka-apurka zerbait berezia egitea ondo dago. Jaietarako badut ideia berri bat, baina ez dakit aterako dugun zeren ni pixkanaka taldea uzten ari naiz. Duela gutxira arte taldearen ardura handiena eraman dut eta nire egungo bizimoduagatik ezin dut modu berean jarraitu.

Egutegia atera du Mikeldik bigarren urtez. Iazkoa arrakastatsua izan zen, aurtengoa?

Oso pozik nago. Iaz oso ondo atera zen. Aurten korrika eta presaka denbora gutxiagorekin ibili garen arren, oso polita geratu da. Asko gustatu zait. Kaleko jendeari ere gustatu zaio. Deustuko antzinako argazkiak, pertsonak, lekuak berreskuratzen ahalegindu gara. Ez dakit aurrerantzean bide horretan jarraituko dugun.

Krisi garaian, zein da taldearen egoera ekonomikoa?

Taldeak ez du dirurik eta ez du gaita-jotzailerik. Gure urteroko arazoa izaten da gaita-jotzaileak kontratatzea. Horregatik erabaki dugu aurten gaitekin dantzatzen diren dantzak, pilo bat, egun berean dantzatzea. Daukagun diru sarrera bakarra gure kuotena da eta ezkontzaren batean edo ekitaldiren batean dantzatzen dugunean ematen digutena.

Zein harreman duzue Deustualdeko beste dantza taldeekin?

Galdu egin da. Lehen sarri elkartzen ginen Bilboaldeko taldeak. Orduan gure arteko harremanak finkoak ziren. San Inaziokoek, adibidez, neska bat behar zutenean deitu egiten zuten eta ni neu joaten nintzen. Horretarako oso ondo moldatzen ginen. Baina harreman mota hori galdu da. Egun ondokoekin harremana baino ez dugu, Bihotz Alairekin. Baina ez elkarrekin dantza egiteko. Iaz esaterako, Mikeldiko batzuk Bartzelonara joan ziren. Elkarrekin gauzak egiteko ez gara elkartzen. Baina Deustu mailan bestelako ekitaldietan bai. Ondo moldatzen gara Bihotz Alairekin.

Euskal dantzak eta erromeriak berpizten ari dira. Igarri duzu interes gehiago?

Bai, berpizten ari dira. Aste Nagusian Plaza Barriko erromeria gainezka egoten da egunero. Nik gogoan dut gaztea nintzenean federazioak ikastaroak antolatzen zituela federatuentzat zein federatu gabeentzat dantzak ikasteko. Oso ondo zeuden. Gero urte askotan jendeak paso egin du eta orain berriro berpiztu dira. Bitxia da 35 urtetik gorakoak baitira gehiengoak. Polita da ume edota gaztetxoez gain, beste adin batzuetakoak dantzan ikustea.

Eta Deustun igarri duzu dantza-zaletasun gehiago?

Deustuarren artean gutxiago nabaritu dut, baina nabaritu dut kanpoko jende gehiago datorrela Deustuko erromerietara. Ikasi eta prestatzen den jendea etorri ohi da. Azken boladan zorte txarra izan dugu eguraldiarekin eta gutxiago etorri dira. Baina jende desberdina ikusi izan dut, errepikatzen duena. Moda kontua izan daiteke hori ere, etorri eta badoana.

Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak zein lan egiten du?

Federazioak lan gutxi egiten du nire ustez. Bi pertsona liberatu daude eta Mikeldiri begira, behintzat, gauza gutxi egiten dute. Ikastaro gehiago antolatu beharko lituzkete eta taldeei arreta gehiago eskaini. Musika edota partituraren bat eskatzean ematen digute, behin baino gehiagotan eskatuta, baina beraien lana eskaini ez dute eskaintzen. Agian talde handiekin harreman gehiago izango dute. Gurekin ez behintzat, ez lehen ez orain.

Zenbat aurte daramazu Mikeldin?

35 urte, sorreratik geratzen naizen bakarra naiz. 10 urterekin hasi nintzen eskolaz kanpoko ekintza moduan dantzak ikasten eta hor jarraitzen dut. Jarraitu edo... geroz eta gutxiago parte hartzen dut. Gehiago joan beharko nuke entseguetara. Taldekideak elkarren oso lagunak dira, onegiak, behar bada. Oso giro ona dago eta batzutan arazoa izaten da. Nik beti esaten diet “jarri”, “venga”, “sarriago etorri beharko dut, zeren...”, “entseatu beharko dugu, ezta?”

Dantza irakasle moduan eman dituzun 35 urtetan zenbat pertsona ezagutu dituzu?

Bua! Asko. Deustun jende piloa ezagutzen dut dantzengatik. Deustu oso handia da nahiz ematen duen beti berdinak garela batean eta bestean, baina ez da horrela. Ezingo nizuke kopurua zehaztu.

SAKONEAN: “Praktikatu egin behar da”

Lehen Deustuko Euskal Ezkontzan antolatzaile nagusi izan zinen. Nola gogoratzen duzu?

Matxintxu AEK-ko irakasle Luziek deitu eta Euskal Ezkontza antolatzeko proposamena egin zidan. Ni orduan euskaltegiko ikasle nintzen. Lehen urtean zoratuta ibili nintzen gauzak erosten eta lortzen. Mikeldik hartu zuen antolatzeko talde ardura. Iaz egin genuen eta 2016an egingo dugu berrio.

Deustuko Emakumeen Aurreskuan ikusiko zaitugu?

Bai, Mikeldi dantza taldeko lagun askok parte hartzen dugu. Beti animatzen ditut taldekideak. Nik urtero parte hartu izan dut. Asko gustatzen zait. Lan handia egin zuen Bihotz Alai taldeak aurreskuaren arrastoen bila artxiboetan. Ezer topatu ez zuen arren dantza bat asmatu zuen existitzen zen musika batekin.

Zein dantza maila dago Deustun?

Ikasi eta praktikatu egin behar da gauzak ahaztu egiten baitira. 10 urtez ikasi arren ahaztu egiten dira. Nik dantza bat irakatsi behar dudanean DVDa hartu eta berriro ikasi behar izaten dut. Praktikatu egin behar da, horretarako aproposak dira erromeriak.

 

Testua: Lur Mallea

Argazkiak: J.Garcia