Zona Especial Norte, musikazaleentzat pagotxa

prestaldizkaria 2014ko ots. 25a, 11:29
Bigarren urtez egitasmo arrakastatsua burutu dute Deustuko goikaldeko kaleetan.

Ez BBK Live, ez Azkena Rock Festival. Zona Especial Norte izena du otsaileko lehenengo asteburuan Deustuko Ramon y Cajal eta Luzarra kaleak musikaz bete dituen festibalak. Bere txikitasunean, aurten ere, handia izan da. Hamabost kon-tzertutik gora izan ziren ostiraletik igandera bitartean bertako tabernatan, Gazte Lokalean, Txoridendan, Müllerrenean… Auzolanean antolatutako jaialdia da ZEN, auzotarren elkarlanari esker eta deustuarren gozamenerako. Bertako artisten parte-hartzearekin eta doan. Estilo ezberdinetako talde, bakarlari, antzerkilari eta titiriteroak. Herria bizirik dagoen seinale. Bizi-bizirik.

La Hora del Primate taldeak eman zion ostiralean herritarrek herriarentzat antolatutako asteburu osoko kontzertu-sortari. Txoridendan izan zen hitzordua eta hasi baino minutu batzuk lehenagotik publikoa zain zegoen. Giroa epela, euririk ez. Ederra izan zen abeslari tximinoa Txoridendako barroteen artean eta gainean salto egiten ikustea.

Kaiolatik irtetea ere lortu zuen primateak eta errepidean bildutako jendartean dantzatzen ere ikusi genuen. Auzokide batek baino gehiagok etena egin zuten bere ibilbidean irudi kurioso hura ikusteko asmotan. ZEN hasi berria zen eta bertaratutako publikoak ordurako sumatzen zuen aurretik sorpresaz beteriko hiru egun bizi behar zituela.

Eta handik Gazte Lokalera, bertan bi zita. Inazio Escurderoren izena behin eta berriz izan zuten ahotan bere jarraitzaileek eta baita ezagutzen ez zutenek ere, izan ere, zur eta lur utzi zituen denak. Musika, artea eta probokazioaren koktela nahastu zuen dosi oso kalkulatuetan eta handik ez zegoen ihes egiterik. Publikoa harrapatu zuen erabat.

Sofhiaren eta bere lagunen, Villapellejoen txanda, ondoren. Aldakak mugitzeko ordua deustuarrek jotzen duten soinu freskoen eskutik. Ironiaz betetako letrak eta zuzenekoetan ondo pasatzen duten sentsazioa nagusi. Hori kutsatzen badakite.

Kritikaren bat egin behar bazaio hiru egunetako kontzertu maratoi honi, emakumeen presentzia eskasa izan da, bi baino ez dira egon taula gainean, nahiz eta hamabost taldetik gora izan diren parte hartzen. Hurrengo edizioan kontutan izango dutela diote antolatzaileek.

Eguraldiak eta gastroenteritisak aldaketak behartu zituen

Larunbat eguerdirako prest ziren bezperako parranda gehiegi luzatu ez zutenak behintzat. Tony Metralla eta Bugattiren soinuen zain. Eguraldiak behartuta, aurten ez da kalean zuzenekorik egin eta bai larunbatean, bai igandean, Gazte Lokalera mugitu behar izan dituzte kanpoan aurreikusitakoak.

Horretarako ere izan du gaitasuna ZENek, gaixotasunei edota eguraldiaren enbatei aurre egitekoa, alegia. Ratzingerren ordez (osasun arazoak eraginda baja izan ziren) RadioCrimen taldea lotu zuten azken orduan, eta azken hauek ez zuten hutsik egin. Badakite publikoa dantzan jartzen, soinu kontundentez eta haien artean erabat koordinatuak. Lokala topera bete zen, zalez beteta. Bafle gainean abeslaria itzulipurdiak egiten ikustea ikusgarria izan zen oso, eta Slam edota Sucio Sistema taldeko kide ohiak taula gainean berriz ere ikustea, plazerra.

Eta aurretik, arratsalde osoa tabernaz-taberna, kontzertuz kontzertu. Tripolares beraien perkusioekin La Logian, Los Calavera beraien baziloiarekin Izekin, Lorelei eta Erriberako trobadorea giro intimoago batean, akustikoan, Müllerrenean…

Igande eguzkitsua mariskoarekin

Umeen eta erromantikoen eguna izan zen igandea. Eguzkia lagun, eguerdi partean San Pedro eliza ondoan Gemma eta Patri zain zeuden, beraien itsaskiz betetako txiringitoa prest zutela. Izan ere, txakolina edota zuritoa mariskoaz laguntzeko aukera eskaini zuen ZENak. Umeak Tenderetearen txotxongiloei begira zeuden ordu horretan Herriko Tabernan eta hortik aurrera, arratsalde nostalgikoa; Naste Borraste, Joseki, Long John Lou Reeden bertsioekin eta Giorgio&Luiggi. Belaunaldi ezberdinen arteko komunioa, gure burmuinetan sartuta ditugun hainbat kanta zein berriak ere abesteko beta.

“Eta guzti hau nork antolatu du” galdetzen zuten Deustura kasualitatez, ala ez, etorritako turista musikazaleek. Bada... herriak! Herriak, goikaldeko tabernariek eta Boni promotoreak, noski. Beraiei eskerrak, jo zuten musika talde guztiei bezala eta era batean ala bestean antolakuntza lanetan ilusioa jarri dutenei zorionak eta hurrengo urtera arte! Aupa ZEN!

 

Testua: Ane Rotaetxe

Argazkilariak: Carlos A. Robledillo (Txarly) eta Javier Martinez Calleja