Udal Liburutegi sareak egitasmoak antolatu ditu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik

uriola.eus 2014ko mar. 5a, 10:56

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Udal Liburutegi sareak hainbat ekitaldi jarriko ditu martxan heldu eta umeei zuzenduta. Lehenengo saioak gaur izango dira Bidebarrieta eta Errekaldeko liburutegietan.

Gaur arratsaldeko 18:30ean, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata ezberdintasunaren inguruko Zine Foruma eskaini dute Bidebarrieta. Nigel Colek 2010ean zuzendutako “Pago justo” film britainiarra proiektatuko dute eta jarraian, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Hiritarretako Sailak eta Berdintsunaren Aldeko Emakumearen Kontseiluak antolatuta  soldatetan ematen diren ezberdintasunen inguruko solasaldia egongo da. Hori gutxi balitz, emakumearen lan egoera eta egoera soziala aztergai dituen erakusketa bibliografikoa ikusgai egongo da.   

Bihar, martxoaren 6an, palestinar emakumeen egoeraren eta hauen defentsan lan egiten duten erakundeen kooperazio estrategien inguruko hitzaldia egingo dute Deustuko liburutegian "Tejiendo redes entre las mujeres palestinas y vascas" izenburupean. Hitzaldian UNRWA Ekialde Hurbileko Palestinar errefuxiatuentzako Nazio Batuetako Euskal Agentziako zenbait ordezkarik parte hartuko dute. Palestinar lurralde okupatuko emakumeen eskubideen egoeraren berri ematea da hitzaldiaren helburua. 

Bukatzeko, eta bereziki umeei zuzendurik, “Munduko neskak” izenburupean, hiru ipuin kontaketa saio antolatu dira. Berdintasunaren aldeko eta estereotipoen bazterketa sustatzeko ipuinak dira, eta bertan neskatoak izango dira protagonista nagusiak. Errekaldeko Liburutegian (martxoak 5 18:00etan), Castañoseko Liburutegian ( osteguna 6 eta ordu berdinean) eta Deustuko Liburutegian ( larunbata martxoak 8 12:00etan) izango dira saioak. Errekalden eta Castañosen aurrez izena eman behar da.