Patxo Telleriak sortutako eta Jokin Oregik zuzendutako lana da ‘Pankreas’; eta Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Joseba Apaolazak egiten dute aktore lana.
Bertsoz idatzitako lehenengo tragikomedia da TARTEAN antzerki taldeak ekoitzi duen hau, eta hiru lagunen istorioa kontatzen du. Lehenak pankreas transplante baten premia larria dauka. Bigarrenak suizidatzeko asmoa dauka hemendik urte batera, heredentziazko Alzheimerrari izkin egiteko. Hirugarrenak proposamen bat egingo dio bigarrenari: suizidioaren epea aurreratzea, lehenengoari bere pankreasa emateko.
Une horretatik aurrera ezusteko gertaerak bata bestearen ondoren etorriko dira, fisika modernoaren axioma bati men eginez: gerta daitekeen guztia, denik eta sinesgaitzenabada ere, gertatu egiten da noizbait.
Donostia Saria jaso du Lingua Nabajorum-ek
‘Pankreas’-en lan taldearen baitan dauden Ez Dok Hiru Bikoteatroaren Lingua Nabajorum lanak irabazi du XIV. Donostia Antzerki saria. Saria martxoaren 27an emango diete Patxo Telleria eta Mikel Martinezi. Epaimahaiaren aburuz, "euskal kulturari buruzko autokritika fina" eta "euskalkiekin jolasean dabilen obra umoretsua" da.