Parte hartuko duen talde bakoitzak gutxienez sei kide izango ditu, eta eskualde jakin bat ordezkatuko du, zehatz esanda, Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Lea-Artibai, Ipar Uribe (Eskumaldea), Enkarterriak eta Durangaldea, iazko edizioan irabazle izan zena. Gaur egungo Bizkaiko finaletan aritzen diren Arkaitz Estiballes, Fredi Paia eta Unai Iturriaga gaztetan txapelketa honetan parte hartu zuten.
Lehenengo sei taldeak hiru saiotan lehiatuko dira, martxoaren 11n, 12an eta 18an Markina, Zalla eta Algortako ikastetxe eta kultura-etxeetan. Finalerdiak martxoaren 19an eta 25ean izango dira Durangon eta Igorren, eta Durangaldea automatikoki igaroko da fase honetara aurreko edizioaren irabazle legez; final handia, berriz, martxoaren 28an 19:00etan izango da Bilboko Kafe Antzokian
Bertsolari gazteen BBK Sariketa gaur goizean aurkeztu da BBK Salan, eta bertan izan dira Jone Narbaiza, Bizkaiko Bertsozaleak elkartekoa, Juanjo Respaldiza, Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza-arduraduna, eta Arkaitz Estiballes, bertsolarien Bizkaiko txapelduna, sariketa honekin lotura estua duena, parte-hartzaile eta gero epaimahaikide izan delako, "Denbora asko pasa da, orain nire eginbeharra gazteak aholkatzea eta beraien alboan egotea da, lotsa kendu dezaten. Hasi ginenean nork esan zezakeen 22 urtez hemen egongo ginela eta enkarterriko bertsotalde bat entzuteko aukera izango genuela".