Indarkeria matxista "jokoz kanpo" uzteko galdegingo dute feministek epaitegian

uriola.eus 2014ko mar. 10a, 15:33

Bihar, martxoak 11, Bilboko feminista ezberdinek elkarretaratzea deitu dute Buenos Aires kaleko epaitegien aurrean “bere duintasuna eta askatasunaren alde borrokatzen duten emakume guztiei, eta jendarteari” elkartasuna adierazteko.

Goizeko 08:45ean hasiko dute mobilizazioa "Txokoz txoko, indarkeria matxista jarri dezagun jokoz kanpo! Justizia Emakumeontzat!" lelopean.

Elkarretaratzearen bidez salatu nahi dute, epaileek eta sistema judizialak "behin behineko sententzia daukan erasotzaile batek ekonomikoki, sozialki eta psikologikoki tratu txarrak egiten jarraitzea onartzen" dutela. Era berean, "tratu txarrengatik eta urruntze agindua urratzeagatik erasotzaileek dituzten kondenak betetzea" eskatzen diete, baita aitatasuna gauzatzeko “errespetutik eta erantzukizunetik, legeak ezarritako betebeharrak betearaztea”.

Bukatzeko, elkartasuna adierazi nahi diete "haien duintasunaren eta askatasunaren alde borrokatzen duten emakumeei, eta jendarte guztiari".