Xabier Landabidea: “Gazteek aisiazko hutsuneei aurre egiteko erabiltzen dute telebista”

BERTON aldizkaria 2014ko mar. 11a, 11:58

Cum laude emaitza lortu berri du Xabier Landabidea irakaslearen doktorego tesiak. 73 bizkaitarrek telebistarekin duten harremana aztertu du eta lau belaunaldiren arteko berdintasun eta desberdintasunak argitaratu. Datuak Bizkaia osora orokortu ezin diren arren, joera batzuk zehaztera iritsi da.

“Belaunaldien telebistarekiko aisiazko harremanak” izena du zure doktorego tesiak. Nola gogoratzen duzu otsaileko defentsa eguna?

Oso Erdi Aroko ohitura da tesiaren defentsa. Errituz beteta dago eta badu humilazio prozesu bat ere. Humilatua zara. Zure proiektua aurkeztean egurra ematen dizute eta horren ostean euren mailara pasatzen zara eta hurrengoan zuk zeuk eskubidea duzu beste norbaiti egurra emateko. Horregatik beldur handiarekin nengoen. Baina ez zen horrela izan, ikaragarri disfrutatu nuen, epaimahaiko bost pertsonak nire lana irakurri eta bere inguruan eztabaidatzeko prest zeudela ikustea ezusteko atsegina izan zen. Lau urte luzetan egindako lanak zentzua zuela ohartu nintzen. 600 orriko liburukotea norbaitek irakurri eta ulertzea eskertzekoa da.

Bizkaiko lau adin taldek telebistarekin duten harremana aztertu duzu. Zein ondoriotara iritsi zara?

Telebistaren aurrean pasatzen dugun denbora zenbatzearekin ez dela nahikoa ulertzeko zergatik ikusten dugun telebista edota zein zentzu ematen diogun. Hori da ondorioetako bat. Europa mailan lau ordu eta erdi inguru ematen dugu egunero telebistari begira, hori asko da, baina hori esatearekin ez da nahikoa. Jendeari galdetzen diozunean telebista piztean egiten dutenari buruz errealitate oso desberdinak agertzen dira. Generoak edota kultur mailak baino hobeto adinak azaltzen ditu telebista ikusteko egun dauden joerak eta horregatik burutu dut adin taldeen ikerketa.

Nolako harremana dute gazteek -18 eta 35 urte bitartekoek- telebistarekin?

Oso kritiko dira telebistarekin, “mierda bat da”, “ez dago ezer ere” esaten dute, baina aldi berean beraiek dira telebista gehien ikusten dutela aitortzen dutenak. Ez badute ezer egiteko, lonjan Gran Hermano ikusten arratsalde osoa emateko gai dira. Eurek dira interesik gabeko edukiak direla esaten duten lehenak, baina euren egunerokotasunean oso txertatuta daude, eta ez dute ihesbiderik ikusten. Telebista beti hor egon den zerbait da eta nolabait hor egongo dena.

Aisiazko ekintzaz gain, zein beste funtzio du gazteentzat telebistak?

Sozializatzeko garrantzia handia du. Nahiz eta Gran Hermano ez gustatu koadrila osoak ikusten duenez eta elkarrizketa gaia denez, ikusi egiten dute. Koadrilako dinamikan parte hartzeko behar dutelako. Hori berehala zabaltzen da elkarrizketa modu berrietara WhatsApp edota Twitter bidez. Hau da, oso normala da lonjan telebista elkarrekin ikustea eta etxera heltzean eskuko telefonoarekin elkarrizketa jarraitzea. Nire tesia da beste zerbaiten faltan, telebista erabiltzen dela aisiazko hutsuneei aurre egiteko.

Teknologia berriekin oso iaioak izanik, gazteek ez dute kalitate gehiagoko edukien alde egiten?

Nahiko harrigarria izan da niretzat ere. Nire hipotesia zen gazteek joera handiagoa zutela telebista tradizionaletik haratago edukiak euren interesen arabera bilatu eta ikusteko. Eta ez da horrela izan. Badaude erraztasun osoz telesailak aurkitzen dituztenak mobilean eta tabletean ikusteko, baina ez pentsa beste adin taldeetan baino gehiago. Aurkitu ditudan gazteek ikuskera tradizionala agertu dute. Bestela esanda, telebista ikusteko modu tradizionala oso indartsua da oraindik gazteen artean. Aldiz, topatu dut 65 urteko andre bat bere telenobela gogokoena internetetik jarraitzen duena galtzen duenean.

Beste ondorio harrigarririk?

Elkarrengandik ikasten dugula jabetu gara. Imitatzen ditugu gurasoak eta seme-alabak, distantziak markatzen ditugu amamarekin baina aldi berean berarengandik ikasten dugu zer ikusi eta zer ez. Uste nuena baino askoz iragazkorragoak dira belaunaldiak. Dragoi bola telesailarekin jaiotakoak era batekoak ginela pentsatzen nuen eta NO-DO-arekinjaiotakoak beste era batekoak. Eta ez da horrela, transmisio oso interesgarriak daude belaunaldien artean.

35 eta 50 urte bitartekoek zein jarrera dute telebistarekiko?

Beste erabilera bat dute. Lan egin eta umeak oheratu ostean egunaren amaierako saria da beraientzat telebista. Nabarmena da gainera. Oso une goxoa da telebistarekin partekatzen dutena, nahiz kritiko izan edukiekin. Baina bada norberaren askatasun eta atseden esparrua.

Eta 50 eta 65 urte bitartekoek?

Erabilera anitzeko kutxa da telebista heldu hauen arabera eta hortaz norbere erantzukizuna da telebista nola ikusi. Eduki arina edota oso kulturala eskatuz gero telebistak emango dizula dio euren berbaldiak. Kate bakarreko telebistatik datoz eta oso jakitun dira edukiaren leherketaz, eta baloratu egiten dute. Telebistan edukiak egon badaude eta umeekin telebista ikusterakoan, esaterako, gurasoek erantzukizun handiagoarekin jokatu beharko luketela pentsatzen dute.

Harreman polita eta aldi berean tristea dute nagusiek telebistarekin zure tesiaren arabera. Zergatik?

Aulestin eta Txurdinagan egon nintzen adinekoekin eta telebistarekiko miresmena aurkitu nuen, beste adin tarteetan agertu ez dena. “Telebista zoragarria da” eta  “zein zoragarria den ahaztu zaigu”, zioten. Agure batek esan zidan “telebista gabe gu tonto geundeke”. Gazteentzat ulertezina den kontzeptua da. Baina zure egunerokoa oso esparru txiki eta itxian egiten baduzu telebista zoragarria da, mundura irekitako leihoa da, la bomba. Telebistako tontokeria handienak ere bizitasun iturri dira beraientzat.

Emakume eta gizonen arteko ohiturak aztertu dituzu?

Bai, apurtxo bat. Desberdintasunak egon badaude. Edukiei begira, adibidez, topiko guztiak berresten dira. Gizonek gehiago jotzen dute kirola ikustera eta emakumeek berriz fikziora, batez ere, telenobela eta prentsa arrosa programetara. Baina telebista zer den eta zer ez den esaterako orduan edota egunerokotasunean telebistak betetzen dituen funtzioak zehazterako orduan desberdintasunak  argiagoak dira adin tarteen artean.

Tesiaren lanketa Deustuko Unibertsitateko Asiazko Ikaskuntzen Institutuko irakasle lanarekin uztartu duzu. Nola bateratu dituzu bi lan horiek?

Baimena eman zidan unibertsitateak lau hilabetez Londresera joateko eta tesi erdia bertan idatzi nuen. Inork tesi bat idazteko asmoa badu nire aholkua da alde egiteko. Bestela oso zaila da deskonektatzea. Gakoa da beste hiri batera joan eta beste testuinguru batean zure gaiarekin obsesionatzea tesia aurrera ateratzeko.

Bilbo hiriko ereduaren hausnarketa prozesu parte-hartzailean ere bazabiltza.

Aldaketa abian egitasmoan Kultura, Aisia eta Turismo taldean ari naiz. Oso lotuta ikusten ditut hiru gai horiek, agian, deformazio profesionalagatik. Normalean kulturari buruz hitz egitean, talde handietaz eta estreinaldi handietaz ari gara. Turismoari buruz ari garenean, Guggenheimaz eta jende askoren etorreraz eta, aisialdiaz ari garenean, eduki potente, programatu eta noski kontrolatuetaz, kontsumora oso bideratutakoak. Nire apustua da Bilboren aukera handiak beste parametro batzuetatik pentsatzea.

Adibidez?

Lehengoan Turismoko lantaldekoek aipatzen zuten Bilbon aukera handia dagoela memoria historikoa lantzeko. Hor, agian, bilbotarrok ere izan gaitezke turistak gure hirian.

 

Argazkia: Iñigo Azkona