Umeak oso kohesionatuta daude. Adiskide egin dira eta, gainera, talde horretan galizierak prestigioa lortu du, umeen artean ere bai. Eta ez da gutxi.
Bilbo aldean ere guraso batzuek ekimenaren berri izan zuten. Gurean ere ez da batere ohikoa hirietako parkeetan euskaraz entzutea. Horregatik, hemengo guraso batzuek ere sortu dute whatsapp taldea. Eta antzeko gauzak egiten dituzte.
Momentuz, Bilbon 19 ume batzen dira, batzuk egunero eta beste batzuk ia egunero. Gurasoen asmoa ez da taldea handiago egitea. Eurek uste dute onena dela gurasoek euren burua antolatu eta talde propioa sortzea, bakoitza bere inguru hurbilean.
Parte hartzen ari den ama batek, Uxuek, honako berbak egin zituen: “Gehien baloratzen duguna da umeen artean lortu dugun kohesioa. Sei hilabeteren ostean, ia koadrilla dira. Gurasook ere gure koadrillatxoa sortu dugu. Animatu nahi ditugu zonalde erdaldunetako gurasoak batu eta honen moduko taldeak sortzeko. Oso erraza da eta fruituak ematen ditu”.
Hona iritsita, Paula Kasares soziolinguistaren berbak etorri zaizkigu akordura: “hizkuntza praktikak eta ezagutzak jasotzeko, garrantzi gehiago dute adinkideen arteko interakzioek, gurasoekin dituzten interakzioek baino”. Horretarako, adibide gisa jartzen du galiziarren seme-alabek Euskal Herrian bertakoak bezala hitz egiten dutela gaztelaniaz, bertako dialektoaren traza berberak erabiltzen dituztela. Beraz, bere ustez, “garrantzitsuagoa da sozializazioa transmisioa baino”.
Honen moduko proposamen xumeek argi uzten dute guztion eskuetan dagoela normalizaziorantza pausoak ematea. Besteek zer egingo duten itxaron barik.
(Jatorria: Garaigoikoa bloga)