Bernardo Atxagak ‘Pierrot izeneko Automata’ irakurketa estreinatuko du gaur Arriagako Gelatxoetan

uriola.eus 2014ko mar. 18a, 09:27

Tibidabo mendiko Automata Museoko Pierrot bat hautatu du Atxagak pertsonaia nagusi, kutxa baten sartuta dagoena eta poemak idazten dituena… maitasun poemak agian?

Bernardo Atxaga izango da Arriagako Gelatxoen hurrengo protagonista nagusia, Arriaga Antzokiak eta Bilboko Udaleko Euskara Sailak bultzatutako “Poesia eta Literatura Euskaraz” zikloaren barruan. Asteasuko idazlea Arriaga Antzokiko eszenatokian egongo da gaur, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Pierrot izeneko automata literatur irakurketa berriaren erabateko estreinaldia jende aurrean aurkezteko.

Poesia unibertso liluragarria eraiki du Atxagak, 30 minutuko iraupena duen eta Arriaga Antzokira doazen entzule guztiak harrituta utziko dituen irakurketa honetarako. Atxagaren emanaldiaren ondoren Joxe Anjel Arbelaitzen Leku hutsak, hitz beteak lana proiektatuko da, egilearen beraren presentziarekin. Dokumental horrek ordubete eskaintzen dio Bernardo Atxaga idazlearen beraren irudiari, Euskal Herriak izan duen idazle garrantzitsuenetako bati. Bere ibilbideari esker, aintzatespen ugari lortu ditu nazioarte mailan. Beste batzuen artean, Euskadi Saria, Kritikaren Saria eta Prix Millepages izenekoa lortu ditu. Horrez gain bere lanak hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli dira, eta egileak merezitako errespetua irabazi du mundu osoan.

Proiekzioaren amaieran, Bernardo Atxagak eta Joxe Anjel Arbelaitzek, solasaldian hartuko dute parte ikus-entzule guztiekin. Ikus-entzuleek galderak egin edo euren iritziak azaldu ahal izango dituzte.

Pierrot izeneko automata-ri buruz

Tibidabo mendiko Automata Museoan bada Pierrot bat. Kutxa batean sartuta dago. Begira diezaiogun: orban edo adabaki gorri ilunak dituen soineko txuri bat darama; horrez gain, baita pailazo kapelu bat. Kutxari erantsitako xaflak dio poeta bat dela.

Tresna mekanikoa piztu egiten da bat-batean, eta, astindu txiki batez, mugitzen hasten da Pierrot. Paper batean poemak idazten ditu. Itxura batean, ardura dion gaia maitasuna da.

Ekitaldian Pierroten poemak azalduko dira. Orduan jakingo da benetan maitasunezkoak diren ala ez.