BarrutiRock zirkuituak martxotik ekainera bitarteko programazioa aurkeztu du

uriola.eus 2014ko mar. 14a, 11:51

Itzuli dira Bilboko talde sortu berrientzako BarrutiRock musika-programako kontzertuak. Bilboko Udalaren Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak antolatuta, musikan hasi berriak izanda, esperientzia hartzeko jendaurrean jo nahi duten 15-35 urteko gazteentzat da. Barrutirock-eko bosgarren edizio honetan, martxotik ekainera bitarteko programazioa aurkeztu da. Kontzertu guztiak Bilborock-en egingo dira, bertoko taldeentzako erreferentzia-aretoan.

Horiek horrela, gaur, martxoak 14k, 21:00etan, Bilborock Aretoan denboraldiko lehenengo kontzertua izango da, NIEBLA + THE PUZZLES + CRAYOLASER taldeen eskutik. Pop-rock-eko eta rock progresiboko gaua izango da; Bilbo Hiria Pop Rock Lehiaketako azken edizioan nabarmendu zen bertoko talde bat izango dugu, NIEBLA bilbotarrak, gonbidatutako Kantabriako beste talde bik lagunduta: THE PUZZLES eta CRAYOLASER. Honako honetan, “Bilbao-Santander, bertatik bertara” kultur topaketaren barruan 2013an Santanderren jo zuten Bilboko 2 taldeen bisita itzuliko dute Kantabriako talde biek.

Gainerako kontzertuak eguenetan izango dira Bilborock-en, egun eta ordu hauetan:

  • Apirilaren 3an, 20:00etan: POWER UNDER CONTROL (Rock) + GODOYS WONDERERS (Pop-Rock)
  • Apirilaren 10ean, 20:00etan: OVERSHOCK (Metal) + INSECURITY (Rock)
  • Maiatzaren 8an, 20:00etan: IMPERIO CALIFORNIA (Punk) + LAUZEN (Rock)
  • Maiatzaren 22an, 20:00etan: YEAH ALL (Pop) + 180GR (Rock)
  • Ekainaren 5ean, 20:00etan: HORROR MOVIE TRAILER + SHRAPNEL MEAT (Metal)

Hasteko, POWER UNDER CONTROL eta GODOYS WONDERERS bertoko taldeek rock eta pop gaua eskainiko dute. Hurrengo kontzertuan, metala eta rocka izango dira OVERSHOCK eta INSECURITY taldeen eskutik; horien ondoren, IMPERIO CALIFORNIA taldearen punka eta LAUZENen rock-a etorriko dira. Pop egiten duen YEAH ALL taldea eta rock akustikoa egiten duen 180GR taldea izango dira hurrengoak. Eta programa amaitzeko, HORROR MOVIE TRAILER (bere lan berria aurkeztuko du) taldearen metala eta SHRAPNEL MEAT-en trash metala izango dira entzungai.

Kontzertuetako sarrera doakoa da, eta musika zuzenean entzun eta goraka doazen joera musikalak ezagutu nahi dituztenentzat izango dira.

Urtearen bigarren erdian, abenduan, kontzertu gehiago egongo dira hasi berriak diren eta goraka doazen taldeak ezagutarazteko.

Iazko edizioan hogeiren bat taldek eta bakarlarik hartu zuen parte.