Iñaki Lasak urtearen errepasoa egin du eta 2013a euskararen normalizazioaren aurkako Estatuen oldarraldia aspaldiko agerikoena izan dela esan du. "Izan ere, ohiko itxurakeriak baztertu eta mozorrorik gabe aritu dira Frantziako zein Espainiako estatuak euskararen normalizazioa helburu duten neurriak oztopatzen. Zentzu horretan, estatuen kanpo esku-hartzea inoizko agerikoena izan da".
Ildo horretan aipatu ditu Espainiako estatuak LOMCE legea presaka eta korrika onartu izana, Espainiako estatuko ordezkariak udalek euskararen normalizazioa azkartzeko ezarritako kontratazio irizpideen aurka egin izana; aipagarria ere, Nafarroan D ereduaren aurkako estrategiak hartu duen norabidea. Frantziako estatuari dagokionez, hizkuntza gutxiagotuak babestu eta garatzeko neurriak hartu ordez, ikastolen garapen eta hazkundea oztopatzeko neurriak hartu ditu: ikastolak laguntzeko bideak mozteko 1850eko Falloux legea baliatzea, Paueko administrazio auzitegiak Hendaiako ikastolaren aurka hartutako erabakia...
Hizkuntza-politikak lau zutabetan oinarritzen dira (corpus juridikoa, plangintzak, baliabideak eta herri gogoa) eta horiek aintzat hartuta egin du Lasak urtearen errepasoa. Corpus juridikoaren alorrean, Estatu frantsesari dagokionez, "Euro-ituna berretsiko zuela eta hizkuntza gutxituen legea onartuko zuela hitz eman zuen François Hollandek, baina 2013a hitza bete gabe pasa zaio".
Hezkuntzaren alorrean hainbat gertakari izan da pasa den urtean; aurrera egin ordez atzera egin du Frantziako estatuak eta Suprefetaren bidez Ikastolen aurkako neurriak jarri ditu abian. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako araudiak hiru irakastereduak hautatzeko eskubidea bermatzen duen arren, oraindik ere D ereduan ikasteko arazoak daude, Murgiako hainbat gurasok Behatokiaren eskutik salatu dutenez. Azkenik, Nafarroan, Vascuencearen legea baliatuz, D ereduan ikasteko duten eskubidea bermatu gabe jarraitzen dute ehunka ikaslek.
Plangintzen alorrean aldaketa gutxi izan da 2013an. Eusko Jaurlaritzarri dagokionez, Osakidetzan euskara normalizatzeko 2. plana, Administrazio orokorreko V. Plangintzaldiarekin eta baita ETBko euskara planarekin gauza bera gertatu da; euskalgintza kontuan hartu gabe onartu dituzte eta aurreko planek zeuzkaten akats berdinak errepikatuz egin dituzte. Nafarroan, inolako planik gabe pasa da beste urte bat; NUPen plana izan arren, irakasle euskaldun eza argudiatuz euskaraz ikasi nahi duten ikasleei irakasle erdaldunak jarri dizkiete eta eremu euskalduna deitutakora mediku edota liburuzain erdaldunak bidaltzen jarraitzen du Gobernuak.
Baliabideei dagokionean, aurretik ere urriak ziren euskararen normalizaziorako aurrekontuak are gehiago murriztu dituzte administrazioek 2013 urtean. Eusko Jaurlaritzak aurreko gobernuaren aurrekontu murriztuak are gehiago murriztu ditu (%9); Nafarroako Gobernuak aurrera darrai euskalgintza itotzeko bere estrategian; alde batetik aurrekontu murritzak are gehiago murriztuz eta bestetik diru-laguntzak zuzenean eman gabe utziz. EEPren aurrekontu apala are gehiago murriztu da aurten, Frantziako estatuak bere ekarpena 20.000 eurotan eta Eusko Jaurlaritzak berea 56.000 eurotan apaldu baitute. Era berean, Frantziak euskarazko hedabideei diru-laguntza ukatu die informazio orokorreko hedabideak ez direla argudiatuz.
Positiboa
Gertaera positiborik ere izan da 2013an; adibidez, nabarmentzekoa da zenbait udalek kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezarri izana. Gertaera positiboen alorrean, nabarmentzekoa da atzean herri gogoa, herritarrek egindako lana dagoela. Ildo horretan aipatzekoak dira, Korrika; Behatokiaren eta Sortzenen eskutik Nafarroa hegoaldean D ereduan ikasi nahi dutenei Gobernuak garraioa ordain diezaion Nafarroako Parlamentuak egindako eskaria; Nafarroa hegoaldeko ikastolen alde garatutako ErriGora elkartasun ekimena; .eus abiatu izana; Kontseiluak lan munduaz antolatutako konferentzia, etab.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, 2013a esaldi bakarrean laburbildu du, "bi Estatuen aldetik gertatutako ageriko kanpo esku-hartzeen urtea izan dela esango genuke". Horren aurrean, zera aldarrikatu du Bilbaok: "gertaera hauek guztiek, agerian uzten digute Kontseiluak behin eta berriz aldarrikatu duen zerbait; alegia, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikak behar ditugula euskararen normalizazioa erdietsi dadin". Ildo horretan, Estatuekiko izan behar dugun harremanari dagokionean, Kontseiluak badu proposamen osoa, 2012an Batzarrak onartutakoa, Euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena, alegia.
Bertan, bi aldarrikapen nagusi jasotzen dira Bilbaok azaldu duenez, lehenak, kanpo esku-hartzerik gabeko hizkuntza-politikarako eskubidea aldarrikatzen du. "Hizkuntza-komunitateak eskubidea du bere hizkuntza normalizatzeko politika definitzeko eta garatzeko inolako kanpo esku-hartzerik gabe. Gaur egun, hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko oztopoak daude. Euskararen hizkuntza-komunitatetik kanpoko esku-hartzeak eta erabakimenak baliogabetu egingo lukete".
Bigarrenik, estatus egokia aldarrikatzen da, alegia, "gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan gure hizkuntzak estatus juridikoa beharko du izan". Estatus egokiaz Kontseiluak zer ulertzen duen ere azaldu du idazkari nagusiak, lau ezaugarri aipatuz (berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa). "Euskara berezko izendatu behar da, euskara baita Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa. Bestetik, hizkuntza-komunitate orok eskubidea du bere hizkuntza ofizialtzat erabilia izan dadin bere lurraldearen barruan. Egoera gutxiagotuan dagoen hizkuntza batek izan beharreko nahitaezko ezaugarria da lehentasunezkoa izendatzea. Laugarrenik, ezagutza unibertsalizatzea nahitaezkoa da hizkuntzaren berreskurapen-prozesua bermatzeko", esan du Bilbaok.
Amaitzeko, euskaraz bizi nahi duten herritarrei erreferentzia egin die Kontseiluko idazkari nagusiak, "izan ere, ezin dugu ahaztu badagoela herritar talde handi bat euskaraz bizi nahi duena eta horiek aintzat hartu behar ditugu. Esanguratsua da 2013 urtearen errepasoa egindakoan, aipatutako gertakari positiboen artean gehienetan herritarren lana eta aktibazioa egon dela atzean".
Hizkuntza-politiken urtekaria 2013