Truck theatre izeneko kamioain Kepa Ibarrak zuzendutako Media Vuelta antzezlana -gaztelaniaz- eta Iñaki Ziarrustaren Gabriel Gabrielle monologoa -euskaraz- ikusteko aukera izango da bost euroren truk. Azken lan honek pailazo izan nahi duen militar baten gorabeherak ditu mintzagai.
Lengoaia bereziarekin bidea egiten
Kepa Ibarra, sortzaileetako batek eta konpainiaren egungo zuzendariak beraien lerro nagusia “abangoardia” dela aipatu du. Hasiera “oso irregularra” izan bazen ere, apurka-apurka finkatuz joan da taldea. Deustuan entseatzen hasi ziren, Boluetan ondoren, Zorrozaurre eta Iralan ere ibili dira eta egun Errekalden dute lokala, nahiz eta Santutxurekin “lotura berezia duten”. Izan ere, bost edo sei urte egin zituzten bertan eta urte horiek “taldea sendotzeko erabakigarriak” izan ziren.
Taldea hedatzen hasi zen eta han eta hemen birak egin zituzten: “New Yorkera joan ginen eta gure ospeak gora egin zuen. Proiektua forma hartuz joan zen”. Taldeak 13 sari jaso ditu, baina garrantzitsuenak Ercilla saria eta Umore Azoka sariak izan dira zuzendariaren ustez. Kabia ikerkuntza gunearen sorrera ere “berezia” izan zela aitortu du Ibarrak. Gaitzerdiren formazio gune honek Joseba Sarrionandiaren unibertso poetikoa eszenaratu zuen Euria esan eta euria erortzea lanean.
Bilboko Aste Nagusian Suz lana aurkeztu zuten Arriaga Plazan eta berriz antzeztuko dute BilbaoArten. Urrian Expediente 312 unitate dramatiko txikia aurkeztu zuten Arriaga Antzokiko Gelatxoetan eta BAD jaialdian Sombras en la Partida de Naipes.
Beti esan da antzerkia krisialdian egon dela eta are gehiago lengoaia berezi bat darabilten konpainien lanak, halere Gaitzerdik bere bidea egiten jakin du. BEZaren igoerak antzerkian eragin handia duela dio. “Esperimentazioaren mundua oso zaila” dela dio Kepa Ibarrak, nahiz eta “urterik urte jendea sartzen hasi den”. Hasieratik horretan jardun dutela adierazi du zuzendariak eta etorkizunean ere “jarraitzeko asmoa” dutela esan du.