Hizkuntza zapalkuntzaren testigantzen kronika laburra

uriola.info 2014ko mar. 22a, 19:30

Iñaki Gaminde, Maria Angeles Garai eta Xabier Amuriza.
Asteon hitzaldi bi egin dira Bilbon hizkuntza zapalkuntzaren gaia jorratzeko, Euskal Memoria fundazioak antolatuta. Hona hemen jardunaldietan entzun ditugun testigantzen laburpena.

Dabid Anaut nafarrak Euskal Herri osoan barrena eraman gintuen eguaztenean, euskararen kontrako politikak zirriborratzen zituen bitartean. Politika ankerrak, basatiak, beldurgarriak batzuetan: eraztuna, debekuak, irainak, jazarpena… Politika sotilagoak, maltzurragoak, ez hain agerikoak beste askotan, konplexu indartsuen sortzaileak. Biak ala biak, aspaldian abiatutakoak. Urrutitik datorren zapalkuntza baita euskararena. Eta horregatik euskal herritarren motxila karga astunaz zamatuta dago. ‘Euskaldun = artaburu, baserritar kaikua, ezjakina’. Ekuazio horrek beste jantzi batzuk ditu gaur egun, baina badirau. Euskararen etsaien buruetan eta gurean. Euskara ez da guaia izango litzateke gaurko formulazioa. Baina zapalkuntza guztiak bezala, erresistentziak ere eragin zituen. Leku askotan eta forma anitzetan. Ez dira izan nahikoak euskararen galera saihesteko, baina gaurko susperraldiaren oinarria dira.

Jarraian Kontseiluko Paul Bilbaok Aieteko Konferentzia hartu zuen hizpide, nabarmentzeko ze garrantzi maila desberdin aitortzen dioten euskarari Espainiak, Frantziak eta euskal erakundeek. Hain gertakizun gogoangarrian euskara ez zen azaldu ere egin gai ordenan hizpide. Estatuek, aldiz, oso argi daukate hizkuntza gorengo mailako kontua dela eta behin eta berriro erakusten dute, euskararen kontra hartzen duten erabakien bidez.

Eguenean Bilbon gerra ostean ikastolak (1957) nola sortu ziren kontatu zuen Maria Angeles Garaik, sasoi hartako ilusioak, gogoak, zailtasunak eta beldurrak. Ondo daki Maria Angelesek zertan izan zen hura, lehenengo andereñoa izan zen eta. Kolpe bat hartu (lehenengo ikastolak itxiarazi zizkieten) eta grinaren grinaz burua berriro altxatu eta aurrera. Ekinez ezina egina.

Ostean, Iñaki Gaminde bere burua euskalduntzeko prozesuaz mintzatu zen, 1970-80ko giroa gomutara ekartzeko. Aldirietako auzo langile batean (Errekalden) euskara ukatu zioten belaunaldi gazteak zelako ahaleginak egin zituen, batzuetan xelebreak, askotan itzelak, hizkuntza bereganatzeko.

Azkenik, Xabier Amurizak, bere bizipenetatik abiatuta, frankismoan Bizkaiko herri euskaldun batzuetan (Etxano, Gizaburuaga, Amoroto) erdara inposatzeko moduak errepasatu zituen, baita haien kontra borrokatzeko erak ere.