Bilboko eta inguruetako garraio publikoaren gaineko diagnostikoa aurkeztua zuen martxoaren 11an Auzo Elkarteen Federazioak; bertan, autoritatearen eta bilete bakarraren beharra dagoela azpimarratu zuten. Garraio txartel bakarra sortzeko urrats gehiago egitea baztertu izanaren erabakiaren aurrean, elkarteko lagunek argi utzi dute, “Barik txartela bakarra ez bada ere, hori izatera heldu daitekeela”.
Gainera, federaziotik, txartel bakarraren alde lan egiten jarraitzeko hainbat arrazoi helerazi dizkigute. Euren aburuz, Barik txartel bakarra izateak garraio publikoaren erabilera bultzatuko luke eta leku zehatz batera txartel-prezio bakarrarekin iristea posible egingo luke.
Bestalde, txartel bakarrak ibilgailu pribatuaren erabilera, airearen kutsadura eta gastu energetikoa txikiagotzeko aukera ematen du. Garraio kolektiboaren eta bere kudeaketaren aldeko apustua ere egiten dute; txoko guztietara iristeko, baliabideen arteko trukea ahalbidetzeko eta mugikortasuna pertsona guztiei baimentzeko.
Era berean, garraioan autoritate bakarra egotearen alde agertu dira “gure lurraldeko garraio guztiak hobetu eta koordinatuko dituena”. Guzti horregatik, hiritarrei administrazioetara jo eta txartel bakarra martxan jartzearen eskakizuna egitea eskatu diete.