"Indar eta ilusio erakustaldia" bihar La Casillan

uriola.eus 2014ko mar. 28a, 12:43

Gure Esku Dago dinamikak ekitaldia egingo du bihar, 17:30ean, La Casillan, herriz herri egiten ari den lana erakutsi eta ekainaren 8ari begira, lan horri bultzada emateko. Ekitaldia baino lehen, 16:30ean, giza katea egingo dute Arte Ederren musoa eta La Casilla lotuz.

 

Bihar, arratsaldeko 17:30ean, Gure Esku Dago ekimenak ekitaldi nazionala eskainiko du Bilboko La Casilla aretoan. Bertan parte hartuko dute alderdi ezberdinetako politikari ezagunek zein kulturako edota beste esparru batzuetako pertsona esanguratsuek. Aurretik, 16:30ean kate erraldoia osatuko dute Arte ederretako museotik La Casilla aretora.

 

 

Gure Esku Dago Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika da, 2013ko ekainaren 8an hasi zena. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea duena hasierako helburu. Anitza eta parte-hartzailea izatea bilatzen du, tokian tokiko ekimenei lekua eginez. Erabakitze eskubidearen alde indarrak metatu nahi dituzte Euskal Herrian bizi den gatazka politikoaren iturburua delako, aldarrikapen prepolitikoa delako, oinarri demokratiko bat sortzearen alde.

Gauzak horrela, 123 kilometro; horixe da Durango eta Iruñea artean dagoen tartea eta Gure Esku Dago dinamikak ekainaren 8rako antolatu duen giza katearen luzeera. Eskuz esku, herritarrek osatuko dute kate hori, 50.000 lagun baino gehiago batzeraino.