Lanbideko lan gatazkaren aurkako agerraldia egin dute ELA eta LABek

uriola.eus 2014ko mar. 28a, 09:21

Lanbideko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean, Alameda Mazarredoko Bilboko egoitzaren aurrean, Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek elkarretaratzea egiten zuten bitartean. Bertan, Lanbideko lan gatazkaren egoera salatu dute.

2011ko urtarrilaren 1ean, enplegu politika aktiboak eskualdatu eta Lanbide martxan jarri zen. Bere jarduera Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik (antzinako INEM), Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Formazio zuzendaritzatik eta Egailan Sozietate Publikotik zetozen langileekin hasi zuen. Lanbide zuzenbide pribatuko erakunde publiko bezala sortu zen eta 2011ko azaroan Legebiltzarraren aginduz erakunde autonomiaduna izatera pasatu zen.

Gaurko agerraldian, Lanbideko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek mahaigaineratu dutenez, erakundearen hasieran zegoen “deskontrola kaosa bihurtu zen” Lanbidek 2011 urte bukaeran bere gain hartu zituenean Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza gastuetarako Prestazio Osagarria. Erakundeak bere langile kopurua handitu behar izan zuela jakinarazi dute eta “legez ezarritako arauak errespetatu gabe” egin zutela. Epaitegietan hainbat prozesu aurrera eraman izana horren ondorioa dela gehitu dute, eta epaileek Lanbideren ekintzak deuseztzea ere.

Sindikatuetako lagunek azaldu dute Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Lanbideko aldi baterako kontratazioei buruz atera berri duen txostenean “argi eta garbi” utzi duela “irregulartasun anitzak” egon direla azken urteetan.

Era berean, lan gatazkaren inguruan baieztatu dute Lanbidek hiru urte eta hiru hilabete daramatzala lanpostu-zerrenda gabe funtzionatzen. LPZ administrazio guztientzat erakundeko lanpostu guztiak jasotzen dituen derrigorrezko dokumentua da eta diotenez, Legebiltzarrak aurreko legegintzaldian, EAJren eskaeraz, birritan eskatu zion gobernuari Lanbideko LPZ “premiaz” egitea. Egungo gobernua urte bat eta hiru hilabete agintean egon eta gero, LPZa onartu gabe jarraitzen duela salatu dute.

Azpimarratu dute, Gobernuak proposatzen duen enplegu zerbitzua “ez dela nahikoa” DBEren 30.000 jasotzailerentzat eta %9ko langabezia tasarentzat pentsatua dagoelako, gaur egun DBEk 63.000 jasotzaile baino gehiago daudelarik eta %17ko langabezia tasa izanda.

Bukatzeko sei eguneko greba egin ondoren, egora hori errefusatzeko hainbat eskaera egin dituzte:

1. Lanpostu-zerrendaren berehalako negoziazioa, akordiorako benetako borondatearekin.

2. LPZk egungo errealitate sozio-ekonomikoaren beharrei erantzuteko adinako langile kopurua jasotzea, kalitatezko Enplegu Zerbitzu Publikoa bermatzeko.

3. Zerbitzu gehiago ez pribatizatzea eta pribatizatuta daudenak lehengoratzea.

4. Langileen eskubideen errespetua: derrigorrezko mugikortasunik ez, kaleratzerik ez, atzamarrez izendatutako lanpostuak jabetzan emateari ez, Lasarte eta Sestaoko formazio zentroak ixteari ez, soldaten jaitsierarik ez eta eskuratutako lanbideen errespetua.