Iberdrolaren eredu energetikoaren kontrako elkarretaratzea egin dute Akziodunen Batzarrean

uriola.eus 2014ko mar. 28a, 14:53

Iberdrolaren Akziodunen Batzarra burutu dute gaur goizean Euskalduna jauregian. Bien bitartean, kanpoaldean, eragile sozial ezberdinek elkarretaratzeak egin dituzte konpainia elektrikoaren ekintzak gaitzesteko.

Ekologistak Martxan, Komite Internazionalistak, Fracking Ez Bizkaia eta Zorraren Auditoretza Herritarrak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Euskalduna Jauregiaren aurrean, Iberdrolaren Akziodunen Batzarraren aurka eta konpainia honen ekintzen ondorioak salatzeko. Haiekin batera, Iberdrolak azpikontratatutako Tecuni enpresako langileak egon dira. EREa ezarri diete eta bizi duten egoerari Iberdrolak konponbidea eman ahal diola argitu dute.

Gaurko Akziodunen Bileraz baliatu dira Iberdrolaren ekintzak gaitzesteko. Besteak beste, “ateratzen dituen etekinak , herriarengandik aldenduta egotea edota energia bezalako oinarrizko eskubidearen kontura aberastea” leporatu diote. “Berdea eta arduratsua” den irudia ematen badu ere, errealitatean, “energia zikin bezain arriskutsuari lehentasuna” ematen diola baieztatu dute.

[Argazki Galeria]