Liburutegi bete ekitaldi

uriola.eus 2014ko api. 1a, 11:03
Gaur, apirilak 2, ospatuko den Haur eta Gazteentzako Liburuaren Eguna dela eta, udal liburutegiek askotariko jarduerak antolatu dituzte, hala nola, ipuin-kontalariak Kastañoseko liburutegian (euskaraz) eta Errekaldeko liburutegian (gaztelaniaz), liburu-tailerra Zabalan eta bi txotxongilo emanaldi: Pantzart taldearen ‘Boli, bili, Boli’ Begoñako liburutegian eta Gus Marionetasen ‘El sueño de Cleta’ San Ignazioko liburutegian. Gainera, Deustuko liburutegian, ingelesezko ipuin-kontalaria egongo da, British Councilen lankidetzaz antolatuta.

50 kultur jarduera baino gehiago antolatu dituzte Bilboko udal liburutegiek datorren hiruhilerako (apiril, maiatz eta ekainerako) ez soilik bihar, asteazkena, Haur eta Gazteentzako Liburuaren Eguna delako, baita hilaren 23an Liburuaren Eguna ospatzen delako.
 
Udal liburutegi sarean gauzatuko den programa honen barruan, haurrei zuzendutako ipuin-kontalariak egongo dira hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), era askotako tailerrak (ipuingintza, sukaldaritza, zientzia…) eta magia-ikuskizunak, bai eta hitzaldiak, erakusketak eta idazketa eta irakurketa adierazkorreko tailerrak ere helduentzat.
 
Liburuaren Eguna
Azkenik, apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Eguneko hitzortu garrantzitsuari begira, ‘Bilbo literaturan’ izenburu orokorreko hitzaldia antolatu da Bidebarrietako Liburutegian 19:30ean. Felix G. Modroño eta Jon Arretxe idazleek, Bizkaiko hiriburuan girotutako eleberrien egileek (Ciudad de los ojos grises eta 19 kamera, hurrenez hurren), On Diegoren Hiria literatur agertokitzat aztertuko dute. Txani Rodriguez kazetari eta idazleak aurkeztutako ekitaldi honen osagarri gisa, erakusketa bat ere antolatuko da.

Beste jarduera batzuk
Hiruhilekoko gainontzeko ekitaldiei dagokienez, berariaz nabarmendu behar da ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ programaren hasiera Begoña eta Deustuko liburutegietan. Irakurketa sustatzea da, Topagunea euskaltzaleen elkartearekin lankidetzan antolatutako kanpaina honen xedea. Horrez gain, maiatzaren 30etik ekainaren 8ra bitartean, Areatzan egin ohi den Liburu Azokarekin batera, Bilbori buruz edo bertako eleberrigileek idatzitako liburuak biltzen dituen erakusketa eskainiko da udal liburutegi sarearen standean.
 
Aldez aurretik izena eman behar den jardueretan, epea jarduera egin baino 15 egun lehenago irekiko da. Ekitaldi guztiei buruzko informazioa biltzen duen programa osoa 16 udal liburuetan eskura daiteke dagoeneko: Deustu, San Inazio, Kastaños, Zurbaranbarri, Otxarkoaga, Begoña, Bidebarrieta, Buia, Ibaialde, San Adrian, San Frantzisko, Zabala, Bilbao Musika, Irala, Errekalde eta Zorrotzan, bai eta www.bilbao.net/bibliotecas webgunean ere.