OKELA sormen lantegia zabaltzear

uriola.eus 2014ko api. 1a, 12:36

San Frantzisko auzoan apirilaren 10ean inauguratuko da OKELA espazioa. Biharamunean Artisten Meeting Point egitasmoa, lehen jardunaldia, abiaraziko dute.

OKELA sormen lantegia San Frantzisko kalean kokaturiko antzinako harategi bat da. 180 metro karratu dituen beheko solairu bat. "Espazio hutsak berreskuratzeari ekin, sormen lantegi bilakatzeko". Hori da diziplina ezberdinetako lau artista euskaldunek osatzen duten espazio kolektiboaren xedea. Nora Aurrekoetxea Etxebarria, Irati Urrestarazu Zubizarreta, Izaro Glez. Ieregi eta Miren Jone Ernaga Artzelus dira lau ekintzaileak. "Euskal arte garaikidea ardatz izanik, "pentsamendu kritikoa, gogoeta, eztabaida eta artisten saretzea bultzatzeko asmoz jaio den espazio irekia, topaleku eta elkargune", bezala definitzen dute euren proiektua.

 

Artisten Meeting Pointa

Euskal artisten saretzea ahalbidetzeko proiektuak generazio ezberdinetako artisten topaleku fisiko eta digitala, ezagutza eremua izna nahi du. Horretarako gaika antolatuko dira berbaldi batzuk, gai horren inguruan jarduten duten artistek mahai inguru bat osa dezaten. Artista bakoitzak 20 minututako denbora izango du bere gogoeta edota lan prozesuaren ingurukoak partekatzeko, amaieran mahai inguruari eztabaida eta galderei pausu emanez. Aurrerago berbaldietan parte hartu duten artisten obren erakusketa bat egongo da ikusgai OKELA sormen lantegian, Artisten Meeting Pointa burutuko den egunean
inauguratuz eta hile beteko iraupena izanik.

 

OKELA sormen lantegia
San Frantzizko kalea 11 behea
944 987 897
okela.lantegia@gmail.com
www.facebook.com/okelalantegia