Goizeko 09:30etan jendetza bildu da Albian “Adierazpen askatasunaren alde, jazarpen politikorik ez!” lelopean, Asier Harraizi elkartasuna adierazteko. Sortuko presidenteak 10:00etan deklaratu du azaroaren 18an, Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira emandako hitzaldi batean egindako adierazpenengatik. Terrorismoa goratzea eta biktimak iraintzea leporatzen diote.
Arraizek azaldu duenez, epaitegian fiskalaren eta instruktorearen galderei erantzun die. Hitzaldian, duela 35 urte “haustura demokratikorako aukera zegoela” esan zuela jakinarazi die eta “haustura hori beharrezkoa zela Espainiak ez zituelako Euskal Herriaren eskubide nazionalak errespetatzen”. Era berean, gaur egungo egoerari erreparatuz, “haustura demokratiko horrek ezinbestekoa izaten jarraitzen” duela plazaratu zuela baieztatu die.
Sortuko presidenteak argi ikusi du “oraindik ere, jende askorentzat, ez dagoela baldintza demokratikorik Ezker Abertzaleko kideek joko politikoan jokatu ahal izateko”. Era berean, egun hauetan elkartasuna helarazi dioten guztiei eskerrak eman dizkie eta "hau guztia hemen geratzea" espero duela adierazi du, prozesu judizialik ez irekitzea, hain zuzen ere.
Deklaratzen zuen bitartean hainbat hiritar eta EH Bilduko kide ugarik babesa agertu diote epaitegi kanpoaldean. Besteak beste, bertan egon dira, Sortuko Rufi Etxeberria, Joseba Permach eta Pernando Barrena eta EH Bilduko Maite Beitialarrangoitia, Pello Urizar, Oskar Matute edota Laura Mintegi.