Jorge Doradori emango diote Fantrobia saria Bilboko Zinemaldi Fantastikoan

uriola.eus 2014ko api. 3a, 09:57

Fantrobia saria urtero ematen zaio genero fantastikoan nabarmentzen den zinegile bati. Aurten Jorge Doradok jasoko du. Madrildarrak, film laburretan egindako ibilbidearen ondoren, lehen film luzea estreinatu du, `Mindscape´.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren antolatzaileek jakitera eman dutenez, Jorge Dorado izango da aurtengo Fantrobia sariaren irabazlea. Dorado ikusentzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Zenbait konpainia handiren publizitate-kanpainetan lan egin du, eta zuzendaritzako laguntzailea izan da `Moulin Rouge´ (2001), Baz Luhrmann-ena;  Pedro Almodóvar-en `La mala educación´ (2004) eta `Hable con ella´ (2002), eta Guillermo del Toro-ren  `El espinazo del diablo´ (2001) bezalako lanetan. Film labur ugari zuzendu ditu, eta `La guerra´-rekin  (2005), Goya Sarietarako izendapen bat lortu, 40 sari baino gehiago irabazi eta mundu osoko ehun zinemaldi baino gehiagotan pantailaratzea lortu zuen.

`Mindscape´ (2013) izenburua daraman lehenengo film luzeari esker, zuzendari berriarentzako Goya Sarirako izendapena lortu du dagoeneko. Istorioak besteen oroitzapenetan sartzeko gaitasuna duen gizon bat du ardatz. Neska gazte distiratsu baten kasua ikertzeko enkargua egin diote, soziopata hutsa ala trauma baten biktima den zehazteko asmoz. Jorge Doradoren estreinako lan hau, Ombra Films-ek gauzatutako ekoizpen apaina da, nazioarteko aktore-multzo bikaina duena.