Hiru lagun atzeman dituzte Bilbon martxoaren 3an jazotako istiluen harira

uriola.eus 2014ko api. 3a, 11:30

Otxarkoaga, Deustu eta Santutxuko hiru gazte atxilotu ditu Ertzaintzak gaur goizean, martxoaren 3an Bilbon egindako “Foro Global 2014” gailurrean gertatutako istiluengatik.

Martxoaren 3an, nazioarteko finantza erakunde nagusietako eta enpresa transnazional garrantzitsuenetako ordezkariek `Global Forum Spain 2014´ Goi Bilera ekonomikoa egin zuten Bilboko Guggenheim museoan. Hiritarrek manifestazio jendetsuak burutu zituzten Bilboko kaleetan “Troika eta bere konplizeak Go Home” lelopean eta istilu ugari jazo ziren egun osoan zehar.

Istiluetan 7 lagun atxilotu zituzten; aurreko astean beste hiru eta gaur, azken atxiloketen berri izan dugu. Dakigunez, Otxarkoagan atzeman duten laguna Urko Martinez da eta 25 urte ditu, dagoeneko bere abokatuarekin egon da eta arratsaldean bertan epailearen aurrera eramango dute. Deustukoak Aitor Granado du izena eta 16 urte ditu; aske utzi dute eta bihar deklaratu beharko du. Santutxukoaren inguruko informazioa laster zabalduko dugu. Gazteak Deustuko komisaldegira eraman dituzte.

Manifestazioa

Gaur arratsalderako manifestazioa deituta dago martxoaren 3ko atxilotuei elkartasuna adierazteko eta “abian den kriminalizazio olatua eteteko”. Martxa arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Zabalburutik “Ez diegu gazte duintasuna zapaltzen utziko” lelopean, gaurko hiru atxilotuen askatasuna exijitzeko.