Elkarteen erronkak lantzeko 400 emakume batuko ditu Emakundek

uriola.eus 2014ko api. 6a, 09:40

Emakumeen elkarteetako 400 kide inguru batuko ditu gaur Emakundek `Emakumeen herritartasuna: eskubideak, parte hartzea eta politika publikoak´ jardunaldietan. Arratsaldean, Emakumearen Euskal Erakundeak, Berdintasunerako Emakunde Saria emango dio "Pozada de Los Abrazos" elkarteari.

`Emakumeen herritartasuna: Eskubideak, parte hartzea eta politika publikoak´izena dute apirilaren 7an Emakundek eskainiko dituen jardunaldiek. Hitzordua EHUko Bilboko Paraninfoan izango da eta 2013ko abenduaren 30ean onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. plana aurkezteaz gain, hitzaldi ezberdinak egongo dira.

Egitasmo honen bidez, emakume elkarteen topagunea sortzea bilatzen dute, "emakumeen herritartasunari eta egungo egoerak eskatzen dizkigun erronkei buruz hausnartu eta eztabaidatzeko gune bat". Bertan, Emakundek Aholku Batzordearen bidez, emakume elkarteen mugimenduari legegintzaldi honetarako proposatzen dizkion lan ildoak aurkeztuko ditu.

Goizeko 10:00etan egingo duten harrera eta dokumentazio banaketarekin irekiko dituzte jardunaldietako ateak. 10:30ean, Izaskun Landaida Larizgoitia, Emakundeko zuzendariak, aurkezpena egin eta gero, 11:00etan, `Emakumeen herritartasuna: ibilbide historikoa eta etorkizunerako erronkak´gaiaren inguruan hitz egingo du Amelia Valcarcelek. 12:30ean, atsedenaldiaren ondoren, Marina Subiratsek `Emakumeen eskubideak. Nola lortzen diren eta nola gal daitezkeen´ azalduko digu.

Eguerdian, elkarte guztien arteko bazkaria egongo da eta parte hartzaileek euren esperientzien berri emateko aukera izango dute.

Arratsaldeko 18:30ean, 2014ko Emakunde Saria emango diote `Posada de Los Abrazos´elkarteari Euskalduna jauregian. Egungo krisialdiaren aurrean, "prekarietatean bizi diren eta indarkeria sexista pairatzen duten emakumeei eskainitako laguntzagatik" omenduko dituzte.