Urtzi Ugalde: "Iñigo Cabacasen kasua ezerezean geratzeak hutsune larria suposatuko luke maila judizialean"

uriola.eus 2014ko api. 5a, 09:54

Iñigo Cabacasen erailketaren bigarren urteurrena da gaur. Iñigo Gogoan Herri Ekimeneko kidea den Urtzi Ugalde, orainarteko lanaren eta abian den prozesu judizialaren inguruan aritu da. Berarekin batera, Aingeru Zudaire Atarrabiako gazteak, 2012ko urriaren 26an Polizia Nazionalak zauritu zueneko esperientzia kontatu digu.

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5ean, Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan zauritu zuten eta gauerdi inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran eta aireztapen mekanikoarekin egon zen, apirilaren 9 arte; orduan, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten.

Gaur, apirilak 5, bi urte betetzen dira ezbeharra gertatu zenetik eta ondorioz, senide, lagunek eta Iñigo Gogoan Herri Ekimenak hitzordua ezberdinak prestatu dituzte justizia eskatzeko eta arratsalde hartan gertatutakoa ezagutzeko beharrezkoak diren ikerketak arintzeko.

13:00etan, omenaldia egingo diote Athletikzale gazteari Kirruli plazan ‘Inor ez da hiltzen, ahazten ez badugu’ lelopean. Arratsaldean, 18:00etan, manifestazioa abiatuko da Jesusen Bihotzetik eta bertan, beste behin, justizia eskatu eta 2012ko apirilaren 5ean gertatutakoaren egia osoa ezagutzea eskatuko dute. Martxan bertsolariek, Jare musika taldeak, Fermin Muguruzak eta Esne Beltza taldeak parte hartuko dute.


Aingeru Zudairek bere kasua Atarrabiako Udalera eraman zueneko bideoa egin zuen Ateak Irekik 2013ko otsailaren 1ean.  

 

Bi urte Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas erail zuela