Cabacasen senide eta lagunek erantzunen bila jarraitzeko konpromisoa hartu dute

uriola.eus 2014ko api. 6a, 11:03

Klaus Armbruster-en argazkia
Bi urte bete ziren atzo Ertzaintzaren pilotakada batek Iñigo Cabacas zauritu zuenetik; lau egunera Basurtuko ospitalean hil zen Athletikzale gaztea. Atzoko egunean bere senide eta lagunek omenaldia eskaini zioten eta bertan, justizia eta gertatutakoaren inguruko erantzunak bilatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten.

Eguerdiko 13:00etan txalaparta doinuekin eman zioten hasiera Iñigo Cabacasen omenaldiari Kirruli plazan, 2012ko apirilaren 5ean gaztea zauritu zuten txokoan. Ondoren, Joseba Sarrionandia eta Eduardo Galeanoren testuak irakurri zituzten eta Koldo Gutierrez, Iñigoren lagunak, adizkide guztien artean idatzitako lerroak jendarteratu zituen. Horietan, larri zauritu aurreko momentuak eta ondorengoak nola bizi izan zituzten azaldu zituen hunkituta eta justizia eskatzen jarraituko zutela azpimarratu zuen, baita erantzunak bilatzen ere hainbat galdera airean daudelako. "Norbaitek hil zintuen, norbaitek tiro egiteko agindua eman zuelako. Hau ezin da honela gelditu. Ez dugu onartuko gure galderak erantzunik gabe geratzea. Ez dugu amore emango, Iñigori zor diogulako" adierazi zuen Gutierrezek.

Jare taldeak Iñigori idatzitako Zu lagun abestia jo eta gero, Iñigoren gurasoei agurra dantzatu zieten eta Manuel Cabacasek hartu zuen hitza. Semea zauritu zuten unean laguntza eskaini zion Malagako bikoteari besarkada bat bidali zion, baita eurekin batera, bi urtez,  justiziaren alde lanean ibili diren lagunei ere.  

Manuel Cabacaesk argi utzi zuen, Iñigori gertatutako berriro errepika ez dadin, "ezinbestekoa dela inpunitatearekin bukatzea" eta "ausardia" eskatu zien ertzainei, Ertzaintzaren buruei eta epaileari "auzia amaieraraino eraman eta airean dauden galderei erantzuna eman" diezaieten.

Poliziaren inpunitatearen eta bortizkeriaren kontrako manifestazioa

Omenaldiaz gain, arratsaldean manifestazioa egin zuten Basauriko gaztearen heriotza salatzeko. Ehunka lagun bildu ziren 18:00etan, Bihotz Sakratutik "Poliziaren inpunitate eta bortizkeria stop!" lelopean abiatu zen manifestazioan. Kataluniako Stop Bales de Goma elkarteko kideek eta 2012ko urriaren 26ko greban zauritu zuten Aingeru Zudaire Atarrabiako gazteak ere, martxan parte hartu zuten senide eta lagunei elkartasuna adieraziz. Protesta Areatzara heldu zenean Fermin Muguruzak, Jare, Esne Beltza eta Zea Maiseko taldeetako musikariek abestu zuten beste hainbat ekarpenekin batera.

 

[Omenaldiko argazki galeria]

[Klaus Armbruster-en manifestazioko argazki galeria]