30 urte betetzeko bidean den izenik gabeko emakume protagonistak Z mutil lagunarekiko haustura sentimentala dela eta abiatzen duen bakarrizketa luzea. Gertakari hori aitzakia hartuta, gogoa iraganera zuzendu eta era askotako harreman pertsonalen inguruan hausnartuko du: bikote harremanak, noizbehinkako sexu harremanak, familia harremanak zein lagun artekoak… Horixe da, funtsean, Erraiak eleberriaren argumentua.
Gorputz-sentsazioetatik abiatutako diskurtsoa, narrazio emozionala eta kontaketa objektiboagoa modu ezin eraginkorragoan uztartuz, emaitza benetan berezia lortzen du Sarriugartek, irakurleoi unibertso oso pertsonal baten ikuspegi originala, aberatsa eta, aldi berean, gordina (edo guztiz naturala, liburua eskuetan nork duen) eskainiz. Narrazioak pertsonaia nagusiaren pentsamenduzko deriba kontrolatu nolabaitekoan egiten du aurrera; neurosi-krisi betean ere, hitz-jarioa sekula eten gabe; ezarritako lotura bitxien bitartez, sentipen, gertaera, garai edo gai batetik bestera igaroz.
Idazle berri honen idazkerari pasioak gainezka egiten dio, baina goxotasunik gabekoa, hainbesteraino non inori tarteka bortitza ere irudi diezaiokeen. Pasioari erritmo bizia lotzen zaio, besteak beste, darabilen puntuazio sistema minimalistaren ondorioz. Zalantza dut, bestalde, kontaketak hasiera-hasieratik tentsio maila gorenari eustearena ez ote den hautu arriskutsuegia, gauza jakina baita intentsitatea, testuan zehar aldatu eta, hortaz, irakurleari noizbehinka atseden hartzen utzi ezean, kaltegarria izan daitekeela.
Sarriugarteren berezko estiloa darabiltzan euskara gaurkotuan eta sintaxi aberatsean islatzen da batez ere. Pertsonaiaren azalpen guztiak xehetasunetan oinarrituta eraiki direnez, zinez eskertzekoa da idazleak, adierazkortasuna eta espontaneotasun neurtua xede, une bakoitzerako hitz eta esaldi-egitura egokiena txertatzeko ahalegina egin izana. Aitzitik, irakurleoi eskura jartzen digun mimoz aukeratutako lexiko zabal eta zehatz horrekin, esaldien ezohiko luzerarekin bezalaxe, autoreak arrisku handia hartzen du. Esaterako, esaldi asko korapilatsu xamarrak suertatzen dira eta bigarren irakurketa bat behartzen dute maiz; deskribapen zorrotzegiek, bestetik, irakurlearen parte-hartzeari ateak ixten dizkiote.
Inori sexu esplizitua, alkohola edo neurosiak jotako pertsonaiaren mamuak bezalako gaiak errepikatzearen errepikatzeaz, irakurketa astunegia egingo zaio agian. Nik, aldiz, gertaeren gainetik protagonistaren karakterizazio bikaina eta istorioan zeharreko bilakaera nabarmenduko nituzke. Izan ere, konplexutasun handiko eta ñabardura askotako izaera baten jabe irudikatu du Sarriugartek. Inkoherentea, zalantzatia, dramatikoa, patetikoa eta xelebrea batzuetan, baina erabakimen handikoa eta zintzoa beste hainbatetan. Inoiz xalotasunez jokatu arren, onbera xamarra ez dena, ezta gaiztoegia ere. Ironia finez eta umore garratz oso partikular batekin eraso egiteko gai izanda, ez du biluzteko lotsarik agertu eta ahuleziak agerian uzteko beldur. Aitzitik, inguruarekiko eta bere buruarekiko jarrera kritiko sendoa erakusten du, hori dela ziurrenik haren ezaugarririk nabarmenena. Bestela adierazita, fikzioa arautzen duen egiantzaren legearen arabera, pertsonaia erreala sortu du autoreak. Horretan datza, hain zuzen, irakurleongan haserrea, barrea, hunkipena, nazka eta, batez ere, enpatia eragiteko sekretua.
Danele Sarriugarteren lehen liburua esku artean lehertzen zaigu; egileak, euskal literaturaren plazara sartzeko, aurretik ibili gabeko bide ausart eta berri bat urratu eta gogoz zapaldu duelako seinale. Izan ere, Erraiak lanak kanpoko zein barneko munduak ñabardura txikienetaraino hautemateko eta, horiek baliatuta, ahots oso pertsonal batez eta estilo bortitz eta zorrotzez, baina sentsibilitate harrigarriz aldi berean, literatura sortzeko dohain paregabea duen idazle berri bat ezagutarazten digu.
Testua: Iraitz Urkulo
Argazkiak: Elkar / Danele Sarriugarte
Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014