Inoiz baino ikusgarriagoa Bilbon emakumeen erabakitzeko eskubidearen aldarria

uriola.eus 2014ko api. 11a, 11:45

Iturria: Berria.info
Santiago katedrala itxita agertu zen atzo abortu legearen erreformaren aurkako ekintza baten ondorioz. Gaur, berriz, Orgasmoen Alu Santu Gorenaren prozesioak abortu eskubidea aldarrikatuko du Bilboko kaleetan.

Bilboko emakume talde batek abortu legearen aurkako protesta burutu du Santiago katedralean. Plastikozko zinta eta kartelekin itxi zuten ataria. Elizak sistema politikoan duen eragina salatu nahi izan dute: “Moral kristauak, bere familiaren kontzeptuaren bidez, batzuk inkubadora bihurtu nahi gaitu, eta beste batzuoi, berriz, amatasuna galarazten digu”.

Elizak emakumeari aitortzen dion rola eta emakumeak tratatzeko modua ere salatu nahi izan dituzte ekintza horren bidez: “Zer behar dugun eta zer nahi dugun guk geuk baino hobeto ei daki. Hori dela eta, umetzat hartzen gaituzten paternalismo kondeszendienteaz tratatzen gaitu. Posizio sumiso horretara ohitzen ez garenak zorotzat eta sorgintzat jotzen gaitu, eta Inkisizioaren txakurrak gainera botatzen dizkigute, oraingoan, kriminalizazio penalaren formapean”.

Prozesioa

Joan den larunbatean Iruñean egindako abortuaren legearen kontrako manifestazio jendetsua eta gero, “martxan” jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi dute Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako lagunek. Gauzak horrela, gaur, ostirala, Orgasmoen Alu Santu Gorenaren prozesioa antolatu dute.

Milaka lagunek abortuaren aldeko aldarria Iruñeako karriketara eraman zuten larunbatean. Bertan, Espainiako Gobernuak abiarazitako erreforma gaitzetsi eta emakumeek euren gorputzari buruz erabakitze eskubidea dutela aldarrikatu zuten.

Hitzorduak izandako arrakastaren aurrean, Bizkaiko Abortatzeko Eskubidearen Aldeko Plataformako kideek lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute. Gauzak horrela, ostiralean, larunbateko ideia berdinak defendatzeko asmoz, Orgasmoen Alu Santuaren Prozesioa egingo dute arratsaldeko 20:30ean plaza Eliptikotik.

Antolatzaileek beltzez jantzita hurbiltzeko deia luzatu dute.