Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur eta beste urte batez, literaturari bultzada emango dioten ekimen ezberdinak antolatu dituzte. Bilbon ere, eskaintza zabala egongo da, eta hiritarrek liburuetaz gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Literaturzaletasuna bultzatzeko eguna da gaur eta ondorioz, Bilboko zenbait txokotan ekimenak antolatu dituzte. Bidebarrietako liburutegian, Bilbok literaturan eta zineman duen presentziari buruzko hitzaldia eta erakusketa egongo dira. Bertan, Felix G.Modroño eta Jon Arretxek hiria eszenatoki literariotzat aztertuko dute eta Txani Rodriguez idazleak aurkezpen lanak egingo ditu.
“Bilbo literaturan” izena hartu duen hitzaldia 19:30ean hasiko da Ekitaldi-Aretoan. Bizkaiko hiriburuan girotutako hainbat eleberri landu dituzten Felix G.Modroño eta Jon Arretxe idazleek Bilbo eszenatoki literario bezala aztertuko dute. Sarrera doan izango da eta aretoaren edukiera bete bitartean edonork izango du parte hartzeko aukera.
Hitzaldi-solasaldiarekin batera, gaurtik maiatzaren 31ra bitartean, Bilbok literaturan duen presentzia islatuko duen liburu-erakusketa ikusgai egongo da liburutegian bertan.
Bestalde, Arte Ederren Museoko liburutegiak ‘BookCrossing’ ekimena prestatu du gaurko egunerako. 2.500 liburu baino gehiago “askatuko” dituztela jakinarazi dute; bertaratutako lagunek “irakurketaz goza dezaten eta munduko beste lekuren batean askatu ditzaten berriro”.
Irakurri, gozatu eta oparitu
Aurrekoaz gain, Euskalzaleen Topaguneak ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ ekimenaren zortzigarren edizioa abian jarri du gaur. Euskal Herriko 42 herritan martxan egongo da ekainaren 30era arte eta Bilbora ere heldu da. Irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz.
Kanpainaren izenak berak adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko:
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, udal liburutegira joan, eta bertan, euskarazko edozein liburu maileguan eskatutzeko aukera izango dugu.
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli, eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
Oparitu. Azken pausoa, liburua oparitzea da; lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango dugu. Ekainaren 30era arte egongo da liburutegietan erosketa-txekeak lortzeko aukera eta uztailaren 5era artekoa horiek liburu dendan erabiltzeko.