Atzoko sutearen ondoren, balantze eguna gaur Fika kalean

uriola.eus 2014ko api. 23a, 10:04
Obretan dagoen Fika kaleko 25. zenbakiko teilatuak su hartu zuen atzo 18:00etan oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik. Lehen hipotesiak dio txinparta baten ondorioz sortu zela sua, beharginak leihoetako burdinak rotaflex batekin mozten ari zirenean.

Suhiltzaileen bost talde aritu ziren itzaltze lanetan. Segurtasun neurri gisa, Fika kaleko 25 eta 23. zenbakietako 20 bat familiek euren etxetik irten behar izan zuten. Batzuk ilundu aurretik bueltatu ziren etxera, baina azken solairuetako lagunek gaua etxetik kanpo pasa dute.

Bi bizilagun artatu zituzten Basurtuko ospitalean arinki kea arnastatuta. Lehena 63 urtekoa eta 7 urtekoa bigarrena.

Fika kaleak itxita eman zituen hainbat ordu suhiltzaileek teilatuko sua amatatu bitartean. Ikus-min eta ardura handia sortu zuen suteak Solokoetxeko auzotarren artean.

23 eta 25 zenbakietako eraikinen egitura egurrezkoa da eta litekeena da, lehen hipotesiaren arabera, teilatuan lanean ziharduten langileek txinpartaren bat eragin eta horrek sutea sortzea. Auzotarrek adierazi dutenez ez da eraikin horiek azken hilabeteotan jasaten duten sute bakarra.

 

Bideoa eta argazkiak: Idoia eta Urtzi