Bilbainada Lehiaketaren deialdi berri bat zabaldu du Bilboko Udaleko Kultura Sailak. Radio Nervión eta Tele Bilbaorekin batera sortutako ekimen honek 26 urte daramatza dagoeneko Hiriko bizimodua eta pertsonaiak idurikatzen dituzten kantu herrikoi berrien sorkuntza sustatzen.
Bi kantu irabazleek (bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz) 955na euro eta `Don Diego´sarias jasoko dituzte eta 420 euroko zortzi akzesit ere banatuko dira Bilboko kantu herrikoien espiritu jaizalea islatzen duten kantu onenen artean. Lanak bidaltzeko epea ekainaren 20an amaituko da, 14:00etan.
Lehiaketa honetan, Bilboko eta Itsasadarrak zeharkatzen dituen herrietako gaurkotasuneko gaiak, ohiturak, pertsonaia ezagunak edota ohiko zereginak jorratu behar dira eta epaimahaiak ‘txireneentzat’ jotzen dituen kantuak sarituko ditu. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute, baldintza bakar batekin: lehiaketako gaia aintzakotzat hartu eta jatorrizko kantuak aurkeztea.
Kantuak Kultura Sailera (Aznar eraikina, Venezuela Plaza) edo Radio Nervión-era (Hurtado Amezaga, 27) bidal daitezke. Grabazioarekin eta identifikazio-datuekin batera (izen-deiturak, NAN, posta elektronikoa, posta helbidea eta telefonoa), parte-hartzaileek kantuaren hitzak ere igorri beharko dituzte, baita partitura ere ahal bada, gerora kantu irabazleekin osatuko den diskoaren edizioari begira.
Udalak Aste Nagusian banatuko ditu sariak, eta golardoa jasotzen duten doinuak ustiatzeko eskubideei eutsiko die, adibidez, musikari profesionalekin CD bat grabatu eta Arriaga antzokian antolatu ohi den Eguberrietako Galan aurkezteko.
Aurreko edizioan, Txaro San Juan eta Fernado Ibarraren “Patrimonio botxero” izan zen gaztelaniazko modalitatea irabazi zuen kantua, eta euskaraz, “Bilbo sorleku berezia”, 2012ko edizioan ere garaile atera zen Jose Maria Larrazabalena. Horrez gain, Los Txikis taldeak eta Ramon Astikak Ohorezko Don Diego saria jaso zuten bilbainaden aldeko jardunean egindako ibilbide luzeagatik. Akzesitak, bilbotarra izatearen harrotasuna eta Hiriaren gaueko giroa nabarmentzen zituzten bi habanerarentzat izan ziren.