Auzoko euskara freskoa, Darabilbo 2.0 egitasmoaren jomuga

uriola.eus 2014ko api. 25a, 08:10

Bilbon euskararen erabilera sustatzeko Darabilbo 2.0 egitasmoa aurkeztuko dute hurrengo astelehenean, apirilak 28, "Euskara freskue, auzokue!" lelopean.

Aurkezpenarekin batera "sorpresatxo batzuk" izango direla aurreratu dute sustatzaileek. Sorpresetako baten berri eman dute jada: "Badu Bada erakusketari bisita egindo diogu". Gainontzeko sorpresak ezagutzeko "bertaratu beharko duzue", bota dute. Hitzordua hurrengo astelehenean, apirilak 28, 11:00etan izango da, Alondegian.

Maiatza bete ekitaldi

Ekitaldiz gainezka ekin behar dio Darabilbo 2.0 egitasmoak lehen hileari. Maiatzean, besteak beste, bisitaldiak museoetara (Arte Ederren Museora edota Guggenheimera), dastaketa saioak (kafe edota garagardo dastakekak) eta tailer ugari (Kuadernaketa japoniarra edota kakorratz eta trikot tailerra) eskainiko dira. Noski, den-denak euskaraz.

Berezietan bereziena, maiatzaren 21eko "Futbola eta krispetak" izeneko ekitaldia izango da. Athletic Club Fundazioarekin elkarlanean, The damned united filma eta mahai-ingurua antolatu dituzte Ibaigane jauregian. Izena emateko 688 827 564 telefonora deitu eta lekua gorde beharra dago.

Bigarren Darabildo

Udalak, euskaltegiek eta euskara elkarteek baturik lan egitea ez da ohikoa Bilbon. Izan ere, euskalgintzako eragileek Udalari urtetan leporatu diote euskararekiko konpromiso eta babes falta. Iaz, lehen aldiz, bat eginik agertu ziren 2013ko irailetik abendura bitartean Bilboko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko hamaika ekintza elkarlanean antolatuz.

"Beharrizana zegoelako" jarri zuten abian Bilboko auzoak "osotasunean" kontutan hartzen dituen Darabilbo izeneko plangintza "koordinatua". Sabin Anuzita Euskara zinegotziaren arabera "nahiz euskara ikasi eta ikasten dugun, Udalak eta euskal eragileek erabilerari buruzko planak egin behar ditugu. Euskara auzo guztietan erabili behar da eta horretarako jaio da ekintza hau; denon elkarlanarekin kalean euskara gehiago erabiltzeko". Horixe da egitasmo honen berritasuna, Udala eta euskaltegi eta elkarteen arteko elkarlana, hain zuzen.