"Austerizidio" hitza erabiltzen da garai hauetan ( gaizki erabilitako hitza, bestalde, austeritate hilgarria, hiltzailea edota norberaren heriotza dakarkeena esan behako baikenuke) oso zaila edo ezinezkoa da zenbait esaparrutan osasunari buruz – maila orokorrean - jardutea eta are gehiago lan osasunari buruz; baina horrek ez du esan nahi gu langile izanik gogoeta egin behar ez dugunik.
Langabezi tasa altuak, lan baldintza kaskarrak, ezberdintasun maila altuak, gero eta jende gehiago pobrezia arriskuan egoteak, etorkizun beltza ekar diezaiokete jende askori, batik bat emakumeei. Lansari eta pentsioen gutxitzeak, lan eta zerbitzu publikoen suntsiketak bizi baldintzen kaskartzea dakarte. Gaur egun lana izateak ez du pobreziatik kanpo geratzea bermatzen.
Lan merkatuak malgutzea, soldatak jaistea, pentsioak murriztea, erretiro adina atzeratzea, langileak kaleratzea, langabezirako diru laguntzak mugatzea... nekez sinestaraziko digute krisitik ateratzeko hartu beharreko neurri bakarrak direnik. Hauek guztiak ondorio kaltegarriak dituzte bai aktibitate ekonomikoari, errekuperazioari, kontsumoaren berpizteari, lan sorrerari eta gizartean sortzen den hausturari begira. Osasunari begira ere bai, noski.
2013an EAEn eta Nafarroan, 6 minutuan behin lan istripu bat gertatu zen eta 15 minutuero gertatutako istripuetako batek baja suposatu zuen. Iaz 79.581 lan istripu gertatu ziren, eta hauetatik 50ek heriotza eragin zioten langileari (40 EAEn). Datu hauen arabera lan segurtasunak eta osasunak ez du hobera egin; beraz, Prebentzio eta Lan Arriskuen Legearekin zer gertatzen da? Patronala eta administrazio publikoak gorrak, itsuak eta mutuak al dira?
Gaixotasun profesionalei dagokienez, zifrak izugarri igo dira, 2.779 EAEn (777k baja suposatu zuten) eta 1.490 Nafarroan (hauetatik 649 bajadunak). Honi gehitu behar diogu, egungo egoera ekonomikoa dela eta hainbat patologien handitzea: depresioa, antsietatea, bihotzekoak, suizidioak. Lan ziurtasun gabeziak eta lana galtzeko beldurrak errealitate hau sortu du.
Hezkuntza alorreko langileok, zorionez, ez ditugu hain maila altuan pairatzen lan istripuak, eta istripuak ez dira hain larriak. Baina gure osasunak okerrera egin du. Hezkuntzan lan egiteak ezaugarri jakin batzuk ditu: pertsonen arteko harreman anitzak, neurrigabeko eskaerak, administrazioaren laguntza eskasa, profesionalki sustapen aukera urria eta sozialki gutxi baloratua den jarduna izatea. Ezaugarri hauek guztiak dira azken urteotan irakasleon estres tasa larriki igotzea eragin dutenak. Horregatik, bai OMS-k eta bai OIT-k urteak daramatzate lan estresa gaixotasun profesionalen zerrendan sartzeko aholkatzen.
Gomendioei jaramonik egin gabe, gure administrazioek murrizketak egiten jarraitzen dute (hauetako asko "errekurtsoen hobekuntza" mozorropean): erretiro adina atzeratzea, ratioak igotzea, lan ordutegiaren gorakada, baja garaian eta jasotzen dugun diru murrizketa, soldaten izoztea,... arrazoi hauek denak osasunean mesede gutxi egiten diote hezkuntza arloko langileari.
Neurri zorrotzek, murrizketek, gainzamak, ...estresaren eta osasunaren kaltetzea dakarte.
Apirilaren 28an, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, alferrikakoa da lan prebentzioaz eta lan esparru malguez jardutea, aldez aurretik planifikazio ariketa seriorik eta behar bezalako inbertsiorik ez badago, osasunaren zaintza osoa fisikoa eta psikologikoa bermatuko duena.
Europar komisioak, FMI-k eta Europako Banku Zentralak inposatutako murrizketen praktikak iraun eta gastu publikoa txartzat eta murriztu beharreko luxutzat hartzen den bitartean, langileon osasuna arrisku larrian egongo da.
Arrazoi hauek guztiak kontuan hartuta, urtero bezala STEE-EILAS sindikatua kalera irtengo da gainzamak osasunean eragiten dituen kalteak salatzeko. Aldi berean, dei egiten diogu irakasle orori (eta hezkuntza langileei oro har) lan osasunaren gaia likasleekin trata dezaten geletan, etorkizuneko langileek prebentzioak duen garrantziaz konturatzeko eta lan munduan sartzen direnean arduraz jokatzeko.
GAINZAMAK GAIXOTZEN GAITU