Darabilbo 2.0ren eskaintza abendura bitartean luzatuko da

uriola.eus 2014ko api. 28a, 10:08

Bilbon euskararen erabilera sustatzeko Darabilbo 2.0 egitasmoa aurkeztu dute "Euskara freskue, auzokue!" lelopean gaur goizean Alondegian. Talde txikietan, euskaraz eta doan hamaika ekintzetan parte hartzeko aukera izango da maiatzetik abendura bitartean Bilboko 8 barrutietan.

Iazko arrakastaren ondoren, aurten Darabilbo egitasmoaren iraupena luzatzea erabaki du Bilboko euskaltegien sareak, Bilboko Udalaren laguntzari esker. Maiatzetik abendura arte euskararen erabilpena sustatzeko hamaika ekimen antolatu dituzte Bilboko auzoetan. Talde txikitan egiteko ekintzak dira -gehienez 15 pertsonako taldeak-, eta erabat doakoak. Astero bi ekintza izango dira, gutxi gorabehera. Uztailean eta abuztuan, behera egingo du egitarauak, baina ez guztiz, Auzotarrok eta Bilboko Konpartsekin elkarlanean "zer edo zer" antolatzekoak baitira.

Maiatza bete ekitaldi
Ekitaldiz gainezka ekin behar dio Darabilbo 2.0 egitasmoak lehen hileari. Maiatzean, besteak beste, bisitaldiak museoetara (Arte Ederren Museora edota Guggenheimera), dastaketa saioak (kafe edota garagardo dastakekak) eta tailer ugari (kuadernaketa japoniarra edota kakorratz eta trikot tailerra) eskainiko dira. Noski, den-denak euskaraz eta doan.

Darabilboko ekintzetan parte hartzeko izena eman beharra dago aurretiaz http://darabilbo.blogspot.com.es/ web gunean. Norebere datuak sartzearekin nahikoa da. Ekintza batzuk eskari handia izaten dutela aipatu dute koordinatzaileek. Beraz, "azkar ibili eta izena eman lehenbailehen".


Berezietan bereziena, maiatzaren 21eko "Futbola eta krispetak" izeneko ekitaldia izango da. Athletic Club Fundazioarekin elkarlanean, The damned united filma eta mahai-ingurua antolatu dituzte Ibaigane jauregian. Izena emateko 688 827 564 telefonora deitu eta lekua gorde beharra dago.


Lehen Darabilbo, "ondo"
700 pertsonek parte hartu zuten iaz hiru hilabetez luzatu zen egitasmoan, urritik abendura bitartean. Lehen urterako datu "onak" direla aipatu du Aitor Argote Darabilboko koordinatzaileak. "Erdiak euskategietako ikasleak izan ziren, laurden bat berbalagunak eta gainontzekoak Bilboko euskaldunak".