Amamaren Egunaren III. edizioa Erribera, Deustu eta Zabalguneko merkatuetan

uriola.eus 2014ko api. 28a, 17:07

Hirugarren urtez jarraian, Bilbao Zerbitzuakek, Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartearekin batera, Amamaren Eguna antolatu du datorren larunbatean, maiatzaren 3an. Hiriko amamei eta aititei egiten zaien omenaldia da, sukaldaritza alorrean belaunaldi berriei ematen dioten jakituria guztia eskertzeko.

Horrela, Amaren Eguna ospatu aurreko jardunaldian, gutxienez euren errezetako produktuetako bat Erriberako, Zabalguneko eta Deustuko Udal Merkatuetan erostera euren bilobekin doazen pertsona nagusiek betiko errezeten lehiaketaren hirugarren edizioan hartu ahal izango dute parte. Etxean, amamek edo aititek euren bilobekin prestatu beharko dute platera, eta argazki bat atera beharko diote (gura izanez gero).

Parte hartu nahi duten amamek eta aititek material guztia (erosketako ticketa, errezetaren azalpena eta argazkia, edukiz gero) maiatzaren 10a baino lehen entregatu beharko dute, gutunazal baten barruan, erosketa egin zuten merkatuan. Epea amaitu eta gero jasotako proposamen guztiak baloratuko dira, eta horretarako Bilboko-Bizkaiko betidaniko errezetak eta bertako eta denboraldiko produktuak erabiliz egindakoak hartuko dira kontuan.

Merkatu bakoitzeko errezeta hoberenek 100 euroko balioa duen balea jasoko dute, irabazle izan diren merkatuan kontsumitzeko, eta partaide guztien artean 80 euroko balioa duen erosketa zozketatuko da merkatu bakoitzean.

Sarituen izenak Bilbao Zerbitzuaken eta Slow Food Bilbao-Bizkaia elkartearen web guneen bitartez jakinaraziko dira, eta, horrez gain, sarituei telefonoz deituko zaie.

Dieta osasuntsua

Nagusiek asko dute belaunaldi berriei erakusteko, eta sukaldaritzari buruzko jakituria horren adibide garbia da: ez dago nagusiek prestatzen dituztenak baino errezeta hoberik. Belaunaldiz belaunaldi gozatu ahal izan diren betiko sukaldaritzako errezetak dira.

Betiko errezetek dieta orekatuaren eta elikadura osasuntsuaren jakituria dute, eta jakituria hori belaunaldiz belaunaldi transmititu da. Hori dela eta, Osasun eta Kontsumo Sailak eta SlowFood Bilbao-Bizkaia Elkarteak interes handia dute Hiriko Amamek eta Aititek jakituria hori euren bilobei transmititzearen garrantzia azpimarratzeko, errezeta bikain horiek galdu ez daitezen.

Slow Food mugimenduak janari onak, garbiak eta zuzenak errebindikatzen ditu, eta baita janari tradizionala eta artisautzako sukaldaritza. Erronka nagusietakoa txikienen gustua heztea da.