Kataluniari buruzko jardunaldien 4. edizioa maiatzaren 15etik 17ra

uriola.eus 2014ko api. 29a, 10:26

Beste urte batez, Kataluniari buruzko jardunaldiak egongo dira Deustun eta Bilbon, maiatzaren 15etik 17ra. Kontzertuak, hitzaldia, dokumental proiekzioa zein herri bazkaria eskainiko diztuzte laugarren edizio honetan.

Maiatzaren 15ean, osteguna, emango zaie hasiera laugarren Katalan jardunaldiei. Egun horretan, Bartzelonan argitara atera den "polizia ustelkeria kasurik larrienetarikoa" islatzen duen `4F, ni Oblit ni perdo´ dokumentala proiektatuko dute 19:00etan, Zirika! Herri Gunean.

Ostiralean, hilak 16, 19:00etan, Deustuko Gazte Lokalean Panrico-ko langileen borroka Santa Perpetuari buruzko hitzaldia eskainiko dute bertako bi langileren parte hartzearekin eta ondoren, pintxo Katalanak zein aigua de Valènciaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren lagunek. Egunarekin bukatzeko, jai giroa nagusituko da gazte lokalean.

Maiatzaren 17an, larunbata, 14:00etan, bazkari herrikoi Katalana egongo da. Bertan, bertsoak zein garrotinak abestuko dituzte Bilbo Zaharreko kultur etxean. Gauean, Tarragonatik etorritako `Los humanos intentandolo´ eta `Ai caraio!´ taldeen kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da 7 Katu Gaztetxean.