FANTen XX.urteurrena ospatzeko azken film irabazleak proiektatuko dituzte

uriola.eus 2014ko api. 29a, 14:59

FANT Jaialdiaren aurreko egunetako giroa berotu eta programaren XX. urteurrena ospatzeko asmoz, antolatzaileek jarduera bereziak antolatu dituzte, hala nola, azken edizioetan irabazle izan diren hiru filmeen proiekzioa eta gaurdaino jaialdia iragartzeko erabili diren kartelen erakusketa.

Basurtuko Udaltegian (Zankoeta kaleko 1ean), “Maniac” filma (Frantzia, 2012, 2013ko edizioaren) pantailaratuko da maiatzaren 5ean; maiatzaren 6an, “Bellflower” (EEBB, 2012ko irabazlea), eta maiatzaren 7an, “Lars and the real girl” (EEBB, 2007, 2008ko irabazlea). Emanaldi hauetan guztiotan, jatorrizko bertsioa emango da, azpidatzita. Saioak 19:30etan hasiko dira, eta edonork parte hartu dezake.

 

Bestalde, kartel-erakusketa maiatzaren 2tik 15era bitartean egongo da ikusgai Ibaiondo/Burtsa Eraikinean (Pilota kaleko 10ean, Zazpi Kaleetan). Ekimen honen helburua, jaialdiaren 20 edizioen historiari errepasoa egitea da, jatorrizko “Zinema Fantastikoaren Astea”-rekin hasi eta gaur egungo nazioarteko jaialdiraino. Erakusketa Jaialdiaren lehen zuzendaria izan zen ZINEBIko Javier G. Romero, Koldo Serra zinegilea eta Lourdes de la Torreren laguntzari esker antolatu ahal izan da.

 

Beldurrezko Gidoi Ikastaroa eta Masterclass-a


Era berean, Jaialdiko programaren barruan Zinema eta Telebistarako Beldurrezko Gidoien Ikastaro bat antolatuko da Campos Eliseos Antzokian, maiatzaren 14 eta 15ean, Eduardo Zaramellaren eskutik. “Beldurrezko Istorio bat” izenburuko ekimen hau 09:00etatik 15:00etara bitartean egingo da. Zaramella “Al salir de clase”, “Paraíso”, “20 Tantos”, “El pasado es mañana”, “Amistades peligrosas”, “Eva y Kolegas” eta “Planta 25” bezalako telesailetan lan egin eta aurten filmatuko diren beldurrezko bi film luzetarako gidoietan parte hartu duen gidoigile beteranoa da.
 
SGAEk eta Euskal Gidoilarien Elkarteak FANT jaialdiarekin lankidetzan gauzatu duten ekimen hau, ikusentzunezkoen arloan genero fantastikoko proiektuak sortu eta garatu nahian dabiltzan pertsonei zuzenduta dago, hasiberriak, profesionalak eta zaletuak barne. Bi saiotan, film eta telesail jakin batzuen adibideak aztertuko dira, eszena bereizgarriei arreta berezia eginez. Horrela, Murnau, Dreyer eta Browning bezalako zinegileen film klasikoak eta Balaguero, Amenabar eta Bayona zuzendari espainiarren lanak arakatuko dira, besteak beste. Ikastaroaren prezioa 40 eurokoa da, eta interesatutakoek maiatzaren 9a arte dute zabalik matrikula egiteko epea, helbide elektroniko honen bidez: mensaje@gidoi.com.
 
Horrekin batera, animaziozko proiektu bat zuzentzeko moduari buruzko
Masterclass bat ere antolatu da. Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan egingo da barikuan, maiatzak 16, 10:00etatik aurrera, Pedro Riveroren gidaritzapean. Riverok Goya Saria irabazi zuen 2012an “Birdboy” animaziozko filmagatik, baita FANT 19ko Film Labur Onenaren Saria ere, "Sangre de Unicornio" filmagatik. Doako jarduera izan arren, derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea helbide elektroniko honetan: fanteskola@fantbilbao.net.
 
FANTeskola


Haurrei begira, programak bi FANTeskola saio aurreikusi ditu Campos Antzokian, FANT 17ko Fantrobia Saria irabazi zuen Oskar Santos zinegile bizkaitarrak zuzendutako “Zipi & Zape eta Kanikaren Kluba” euskarazko filmaren proiekzioaz. Haurrentzako saio honetan izan ohi den eskari handiari erreparatuta, antolatzaileek bi saio antolatu dituzte oraingoan, hasieran saio bakarra aurreikusita zegoen arren, eta horrenbestez, aurten, 1.500 eskola-ikaslek haurrei zuzendutako saio honetaz gozatzeko aukera izango dute.