Arteak Bilboko kaleak beteko ditu

uriola.eus 2014ko api. 29a, 12:00

Bilbao Art Districtek “Arteen Asteburua” ekimenaren bigarren edizioa egingo du maiatzaren 2an eta 3an, asmo handiko kultur eta aisia egitaraua aurkeztuta.

Doako sarrera duten museoak, kaleko musika, performanceak, artistekiko topaketak erakusketa-aretoetan eta galerietan, hitzaldiak eta guztiontzako (familiak barne) tailerrak “Arteen Asteburua”-ren proposamenetako batzuk dira; ekimen horrek Bilbo kulturaren aldeko grinaz beteko du maiatzaren 2an eta 3an. Ondoz ondoko bigarren urtean, Bilbao Art Districtek ekitaldi handi hori antolatu du, kultura hiriaren eragile sozial eta ekonomiko gisa sustatzeko asmoz, eta herritarrei eta bisitariei artez eta entretenimenduaz beteriko bi egun izateko aukera eskainiko die.


Ateak zabaltzeko museoak


Hiriko hiru museo ospetsuk beren ateak zabalduko dituzte doan ordutegi berezietan. Guggenheim Bilbao Museoan “YOKO ONO, HALF-A-WIND SHOW. ATZERA BEGIRAKOA” erakusketa bisitatu ahalko da maiatzaren 3an, larunbatean, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 22:00etara bitartean. Erakusketa horrek 200 obra baino gehiago biltzen ditu, arte kontzeptualeko eta performanceko aitzindaria den artista horren ikuskera osoa eskaintzen dutenak. Horrez gain, Arte Ederren Museoak doako sarrera izango du maiatzaren 2an, ostiralean, arratsaldeko 20:00etatik gaueko 21:00etara bitartean. Horri esker, Markus Lüpertz Alemaniako artistaren erakusketa bisitatu ahalko da, ia ehun pinturek, eskulturek eta paper gaineko obrek osatzen dutena. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak ere bat egin du ekimen horrekin, eta doako sarrera eskainiko du ostiralean eta larunbatean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean.


Artistekiko topaketa pertsonala


“Arteen Asteburua” aukera bikaina izango da, hainbat artista aurrez aurre ezagutzeko, Bilbao Art Districteko kideak diren arte-galerien ekimenari esker. Manolo García kantautoreak bere pintore aldea agertuko du Aritza galerian. Izan ere, han pertsonekin bilduko da ostiralean, arratsaldeko 19:30ean.

Egun horretan bertan eta larunbatean Jesús Pastor margolariak Errekalde Aretoan erakusgai dauden bere obrak aurkeztuko ditu, arratsaldeko 19:30ean.
Honako topaketa hauek ere egingo dira: Nathalie Mba Bikoro artista Kalao Panafrican Creations galerian maiatzaren 2an arratsaldeko 20:00etan, Patrick Grijalvo argazkilaria Photo Gallery 20 galerian larunbatean  eguerdiko 13:00ean, eta Alberto Rementería euskal artista Juan Manuel Lumbreras galerian larunbatean 12:00etan eta 19:00etan. Horrez gain, Luis Ángel de la Fuente artelanen zaharberritzaileak bere lanari buruz hitz egingo du ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, Restauraciones Luis de la Fuente lokalean.


Familia osoarentzako kultura eta jarduerak


“Arteen Asteburua” familia osoak ondo pasatzeko prestatu da. Hori dela eta, hainbat tailer, lehiaketa eta joko antolatu dira. Errekalde Aretoak eta Guggenheim Bilbao Museoak umeentzako jarduerak antolatuko dituzte, eta ume horiek ezin hobeto pasatu ahalko dute Albiako Lorategietan kokatuko den eta jolasak dituen instalazio interaktiboan ere. Elastikoak diseinatzen ikasi nahi duten pertsonek bi tailer izango dituzte eskura, bata Errekalde Aretoan eta bestea Trastería de Goya dendan.


Astarloa liburu-dendan errestaurazio eta koadernatze tailerrak gauzatuko dira, eta Binario liburu-dendan, berriz, Bilboko arkitekturaren elementuak marrazteko proposamena bultzatuko da. Aire zabaleko pintura ere jardueren artean egongo da, larunbat goizean, Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskadi Plazaren artean.


Kalea agertokia da


Kalea programazioaren agertoki nagusietako bat izango da, eta zuzeneko emanaldiak eta ikuskizunak eskainiko ditu. Dantzaren zaleek ‘To be continued’ eta ‘Rojo Manso’ proposamenak ikusi ahalko dituzte ostiralean, arratsaldeko 19:30ean, Isozaki dorreen zabaldegian eta larunbatean, arratsaldeko 20:00etan, Jado Plazan, hurrenez hurren. Halaber, bi kokapen horiek jazz emanaldietarako eta DJen saioetarako agertokiak izango dira.


Bilbao Centro Merkatari Elkarteak TB platoa instalatuko du Iparragirre kalean —Mazarredo eta Barrainkua kaleen artean—, eta bertan zuzeneko elkarrizketak eta emanaldiak garatuko dira. UPV/EHUren Bizkaia Aretoa eraikinean (Abandoibarra etorbidea), haren kristalezko fatxadan, hain zuzen ere, bi esku-hartze artistiko gauzatuko dira. Horietako bat “Argi bat gauean” izeneko gaueko proiekzioa izango da. 
Era berean, arte-galeriak eta museoak agertoki bihurtuko dira musika-emanaldi, performance eta arte-adierazpen berrietarako. Arte Ederren Museoan eta Juan Lumbreras galerian musika klasikoa egongo da, gitarra eta sopranoa bilduko dituena, baita rock musika ere Photo Gallery 20 galerian, Los Brazos eta Ainara Zabaletaren eskutik
.

Arteari lotutako hainbat arlotan sakondu nahi duten pertsonak antolatutako hitzaldi eta eztabaidetara joan ahalko dira. Atal horretan UPV/EHUren Bizkaia Aretoan ‘Jatorria, identitatea eta globalizazioa artean’ izenburupean egingo den eztabaida nabarmendu behar da. Horretako moderatzailea Javier González de Durana izango da, eta Gerardo Mosquera komisarioak, Juana de Aizpuru galeristak eta Javier Pérez eta Nathalie Mba Bikoro artistek parte hartuko dute bertan.


UPV/EHUk eta tokiko artistek dena emango dute proiektu honetan


Euskal Herriko Unibertsitateak “Arteen Asteburua”n parte hartuko du aktiboki. Arte Ederretako Fakultateko ikasleek Bilbao Art District ekimenaren hainbat kaletan esku hartuko dute, artea eta sormena ulertzeko modu berrietarako erakusleiho jarduteko asmoz. Hona hemen proiektuak: “Txorrota” (Manuel Ramis), “Koordenatuak” (Maite Leyun), ”All Iron” (Mar de Dios eta Miguel Puertas), “Kordela ehuntzen” (Amaia del Amo eta Raffaella Regina), “Banka” (Ana Villaseñor), “Distiratzen dena” (Manuel Casellas) eta “Tutudun txinpantzeak”, UPV/EHUko Paraninfoko esku-hartzea izango dena.


Halaber, tokiko artistek eginkizun garrantzitsua izango dute “Arteen Asteburua”n. Hona hemen adibide batzuk: Bilera! (Hellen Duboc, Fermín Díez de Ulzurrun eta Mawatres) performancea Windsor Kulturgintza galerian; “Arte Periferikoa” (Antonio Ranieri) Mazarredo zumarkaleko 31 zenbakian duen tailerrean; “Show-cooking” (Mabi Revuelta) Vanguardia galerian; eta  “Transkodetzeak” (Jaime de los Ríos). Halaber, nabarmendu behar da Alberto Rementeríak Juan Manuel Lumbreras galerian egin duen “Modelo ariketak” erakusketa.