uriola.eus

Oihana Bartra: “Azken urteetako bertso-final onena izan daiteke”

  Kultura-aisialdia  Bilbo
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2014ren baitan, eskualde mailako bi kanporaketa jokatu ostean, Bilboaldeko finala maiatzaren 3an izango da Hika Ateneoan, 17:30ean. Sailkatu diren sei bertsolariak hauek dira: Oihana Bartra Arenas, Peio Ormazabal Villanueva, Joseba Barandiaran Andueza, Txaber Ormazabal Villanueva, Arkaitz Zipitria Mendizabal eta Axier Goñi Arsuaga.

Oihanak txapelketara "hotz samar" datorrela aitortu du, oporretatik bueltan izaten delako eta prestakuntzarako denbora gutxi izan duelako. Bartrak ez du bere burua txapelaren jabe ikusten. Azken "urteetako finalik onena" izan daitekeela uste du, horregatik finalerako txartela eskuratzea "gogorra" izango da "urte eta plaza ugariko" bertsolariak direlako guztiak, baina finalerdietan "lasaitasun osoz lan ona egiteko prest" dagoela adierazi du.

Santutxuko bertso-eskolako kide da Oihana. Auzoko udaberriko bertso-saioen 30. urtemuga izango da aurten, eta ospatzeko bertso-ekitaldi paregabeak antolatu dituzte maiatzeko larunbateatan. Hainbeste urte eta gero, erreferentzia handia bihurtu da Mahatserriko bertsozaleentzako, plazako denboraldia irekitzen duelako.

 

Udaberriko bertso-saioak 2014

Euskal Herriko punta-puntako bertsolariak hurbilduko dira Santutxura aurtengo Udaberriko bertso-saioetan parte hartzera. Lehen hiru saioak larunbatetan izango dira eta azkena, bereziena, maiatzaren 30ean, ostiralez.

Lehen hitzordua maiatzaren 3an izango da. Ohi bezala, 13:00etan Santutxuko Karmelo plazan. Unai Iturriaga, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantari.

Maiatzaren 10ean Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Alaia Martinek egindo dute bertsotan. 13:00etan Kamelo plazan.

Maiatzaren 17an Jone Uria, Jon Maia, Miren Amuriza eta Fredi Paiaren txanda izango da. 13:00etan Kamelo plazan.
 
Saio berezia: bertso-kalejira
 
Azkena, saio berezia izango da zalantzarik gabe, baina ez da larunbatez izango, maiatzaren 30 ostiral iluntzean baizik. Bertso-kalejira gidatuko dute Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartrak Santutxuko kaleetan. Kalejira 20:00etan abiatuko da Rikardo Bastida plazatik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa